Urdaburuk Arditurriko XIV. Rollerski lasterketa antolatu du
Azaroaren 12an izango da lasterketa, eta bi mailatan lehiatuko dira. Izen-emateak Urdabururen egoitzan egin behar dira.
Rollerski lasterketa, azaroaren 12an. Azaroaren 12an, larunbata, Urdaburu Mendizale Elkarteak Arditurriko XIV. Rollerski lasterketa antolatu du. Bi mailatan lehiatuko dira parte hartzaileak. Alde batetik, 2009tik aurrera jaio diren gazteak ariko dira, eta 3,7km-ko ibilbidea osatuko dute Fortalezatik Arditurrira. Bestalde, gainontzeko parte hartzaileak helduen mailan lehiatuko dira, eta 7,7km-ko ibilbidea osatuko dute Mamutetik Arditurrira.
15:30ean, dortsalen banaketa egongo da Mamuten. 16:00etan, bi lasterketak hasiko dira: helduena Mamutetik, eta gazteena, Fortaleza jatetxetik. 18:30ean, berriz, sari banaketa eta merienda antolatu dira Urdaburu Mendizale Elkartearen egoitzan (Juan de Olazabal, 23).
Mendizale taldetik zehaztu dute derrigorrezkoa dela kaskoa eta betaurrekoak erabiltzea. Horrez gain, rollerski klasikoak erabili behar direla azaldu dute, eta antierretorno gurpil bat izan beharko dute gutxienez. Lasterkariak federatuta egon behar dira, eta antolatzaileek nabarmendu dute ez direla lasterketan norbera bere buruari edo besteren bati egindako kalte edo lesioen erantzule izango. Parte hartzaile guztiek arau horiek onartu beharko dituzte lasterketan aritzeko, eta aurreikusia ez dagoen edozer gauzarekin FIS araudia aplikatuko dela baietsi dute antolakuntza taldeko kideek.
Izen-emateak Urdaburu Mendizale Elkartean egin behar dira, eta honako bideak erabil daitezke horretarako:
- Aurrez aurre Urdabururen egoitzan, astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara.
- Telefonoz 943 52 78 79 edo 686 59 67 32 telefonoetara deituz, astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara.
- Korreoz eskarmendi@gmail.com helbidera idatziz.
- Izen-abizenak, jaiotze-data eta elkartearen datuak eman beharko dira.
Aurrez aipatu bezala, sari banaketa eta merienda Urdabururen egoitzan egingo direnez, ibilgailuak Telleri ikastetxean aparkatu ahal izango direla iragarri dute, 17:30etik 21:00etara. Horretarako, beharrezkoa izango da lasterketaren dortsala erakustea; eta ibilgailu bat baino gehiago badira, nahikoa izango da dortsal bera erakustea.
