180 metroko 'Sirena' gurutzaontzia Pasaian porturatu da
648 lagunentzako edukiera du. Zeresana sortu du bisitak inguruko eragileen artean, Pasaian albo-kalteak besterik utziko ez dituelakoan.
181 metroko luzera duen Sirena gurutzaontziak 600dik gora bidaiari porturatu ditu gaur Pasaian, Buenavistako kaian. Gaurko eguna emango dute bisitariek inguruetan, eta 18:00etan askatuko dituzte amarrak Bilborantz.
Kantauriko kostaldetik igarotzen diren gurutzaontzien denboraldia apirilean hasi ohi da, eta urri inguruan bukatu. Hori horrela izanik, Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) azaldu du bidaiari ontzien bost geldialdi zenbatu dituela 2022an, eta heldu berri den Sirena izango dela 2023ko maiatzera arteko azkena.
Oceania Cruisesen ontzi horrek 181 metroko luzera, 25 metroko erruna eta 648 bidaiari hartzeko gaitasuna du, haren 11 kubiertetan. Halako erraldoiak, ezinbestean, zeresana sortu du ingurukoen artean, izan ere, PPAren helburua “epe ertainean” Pasaian geldialdia egiten duten ontzien kopurua bikoiztea izango da, eta horrek onura baino kalte gehiago sor ditzakeela uste dute zenbaitek.
Horietako batzuk BiziLagunEkin plataforma donostiarreko kideak dira. Gurutzaontziak amarrak Pasaian lotu baditu ere, udalerri horretan albo kalteak besterik utziko ez dituela uste du elkargoak. Izan ere, bisitariak zuzenean Donostiara bideratu dituztela jakinarazi baitu plataformak, eta Pasaian, “karbono dioxido isurketak, uraren kutsadura eta milaka kilo zabor utziko ditu”.
Gurutzaontzien turismo mota “kutsatzaile” eta “erabat estraktibista” dela esan dute: “Lurraldez lurralde kalteak uzten eta aberastasuna erauzten doa. Gure lurraldeetatik kanpo mantendu beharko genuke, baina agintariek kosta ala kosta sustatu nahi dute”. Ikusi txio-haria:
Turismo mota kaltegarrienaren adibide da hau, kutsatzailea eta erabat estraktibista. Lurraldez lurralde kalteak uzten eta aberastasuna erauzten doa. Gure lurraldeetatik kanpo mantendu beharko genuke, baina agintariek kosta ala kosta sustatu nahi dute. pic.twitter.com/JKbQJ3gW1t
— BiziLagunEkin (@BiziLagunEkin) October 17, 2022