Gazteak aktibatu eta belarriak fintzera dator Antxoko Euskaraldia
Azken asteotan Antxon agertu diren kartel polemiko horiei buruzko azalpenak eman dituzte. Izena emateko eta txapak jasotzeko badaude datak.
Joan den larunbatean aurkeztu zituzten Euskaraldiak azaroaren 18tik abenduaren 2ra Antxora ekarriko dituen berritasunak, musika eta antzerkiak protagonismo berezia izan zuten ekitaldian. “Ez zen ohiko aurkezpena izan”, aitortu dute antolatzaileek.
Ekain Iribarren antxotarrak egin zituen aurkezle lanak, eta iragarri zuen, hasteko, azaroaren 4ean –ostirala– arratsaldez, eta azaroaren 5ean –larunbata– goizez, euskararen aldeko ariketan izena emateko aukera izango dutela bizilagunek Kultur Etxean bertan. Txapak jasotzeko hitzordua azaroaren 15ean, asteartearekin, finkatu dute.
Kartelen moskeo kanpaina
Funtsezko data horien berri eman ondotik, aurtengo berritasunak aurkezteari ekin zion Iribarrenek. Nagusiki bi izango dira, aurten, antxotarren proposamenak: Gazte Erronka eta Belarriak Prestatzeko saioak.
Azken asteotan Antxotik ibili denak halabeharrez ikusiko zituen horma eta txoko ezberdinetan kartel hori batzuk. Horiek, “zirikatzeko” eta “herritarren arreta pizteko” asmoz jarri zituzten Antxoko Euskaraldiaren Batzordeko Kideek. Moskeo kanpaina baten parte ziren, beraz, bertan irakur zitezkeen esaldi polemikoak (‘euskarak ez du ezertarako balio’, besteak beste).
Finean, antxotarrek hizkuntza ohiturez gogoeta egiteko eta, euskararen mesedetan, haiek aldatzea egingarria dela aldarrikatzeko helburua zuten mezuek. Herriko zenbait tokitan zintzilikatutako pilota hori erraldoia ere kanpaina horren parte izan da.
Gazte Erronka
Gazte Erronka izango da aurtengo apustu nagusietako bat. 16 eta 27 urte bitartekoen kuadrillen WhatsApp taldeetan ere zirikatzeko mezuak zabaldu izan dira azken egunotan. Horretarako, zenbait infiltraturen laguntza izan du Euskaraldiaren batzordeak. Besteak beste, “euskara=imposición” bezalako mezuak bidali izan dira; horiek haserrea piztu dute askorengan, euskararen alde.
Antxotarrek hizkuntza ohiturez gogoeta egiteko helburua zuten mezuek
Hausnarketarako saiakera hori martxan jartzeaz gain, Antxoko gazte kuadrillen mapa ere osatu dute. Identifikatu dituzten lagun talde horietan gutxienez bina Ahobizi egotea izango da 2022ko ariketako helburu nagusia. Horiekin batera, kuadrillaren erdiak baino gehiagok Euskaraldian izena ematea (Ahobizi nahiz Belarriprest bezala) lortu nahi da.
Euskaraldiko lan taldeak ez du dudarik egin: egingarria da.
Belarriak Prestatzeko saioak
Euskaraz entzuten hain ohituta ez daudenei Belarriak Prestatzeko saioak eskainiko zaizkie estreinakoz. Euskaraldiak iraun bitartean, herriko zenbait tabernetan Ahobiziek dinamizaturiko saioak egingo dituzte. Helburua: euskaraz zertxobait ulertzen dutenek hobeto ulertzea, euskarari beldurra galtzea eta Euskaraldian konfiantzaz aritzea.
Saiakera horren harira, azaroaren 11n eta 12an, ostirala eta larunbata, hurrenez hurren, Ahobiziei zuzendutako formazio saio laburrak egingo dituzte, Belarriak Prestatzeko saioetan euskara erraz, argi, eta mantso jarduten treba daitezen hizlariak.