Argindarraren garestitzearen kontra mobilizatuko da Oarso Taldea
Hilaren 28an Iztietako auzoan mobilizatuko dira herritarrak. Motorrak berotzen hasteko, hitzaldia eskainiko dute hilaren 25ean.
Argindarraren garestitzea salatzeko eta herritarrak gaiarekin kontzientziatzeko hitzaldi eta elkarretaratze bana antolatu du Oarso Taldea mugimenduak. Batetik, hilaren 25ean (asteartea) Mikel Otero EH Bilduko trantsizio ekologikoaren batzordeko kideak hitzaldia eskainiko du Reina aretoan (19:30ean), eta bestetik, hilaren 28an (ostirala) mobilizazioa egingo dute Iztietako Diputazio plazan, 19:00etan.
“Denek dakigu zein larria den argindarren garestitzea. Hiritarrak gero eta estuago gabiltza, baina energiaren oligopolioak geroz eta irabazi gehiago dituzte. Eta instituzio publikoak beste alde begira, behar den esku hartzea ukatuz”, esan dute taldekoek, amorruz. Argi indarraren faktura ordaindu ezin duten herritarrei “gupidarik gabe argia mozten dioten” enpresa horien kontra agertu da taldea, hain zuzen, Iberdrola, Endesa, Naturgy eta EDPren kontra. Enpresa hauek “mozkinak loditzen eta oratzen” jarraitzen dutela salatuko dute, “jendearen bizitzaren kontura”.
Energia berriztagarriko iturri gehiago azkar hedatzea funtsezkotzat jo dute taldekoek, “lidergoarekin eta kontrol publikoarekin, gardentasun osoz, eta ikuspegi ekologiko, demokratiko eta justizia sozialarekin, herritarrak proiektuen parte senti daitezen eta ez kontsumitzaile huts”.