Aurreiritzi eta estereotipoak hautsiko dituzte, mahaiaren bueltan
Azaroaren 20an bertako eta azken urteetan kanpotik etorritako familiak elkartu nahi dituzte, bazkari batean. Sos Arrazakeriaren arabera, "zurrumurru, aurreiritziak eta estereotipoak gainditu eta gizarte kohesionatuago bat" lortzea du xede egitasmoak.
Bueltan da Bizilagunak egitasmoa, gaur bertan eman dute aurtengoaren xehetasunen berri Sos Arrazakeriako Gerardo Carrere eta Onaida Sainzek. Azaroaren 20an “zurrumurru, aurreiritziak eta estereotipoak gainditu eta gizarte kohesionatuago bat” lortzeko asmoz hainbat familia elkartuko dira. Mahai baten inguruan zapore eta bizipenak elkartuko dituzte partaideek, bertako eta azken urteetan herrira etorritako familia edota kuadrillak biltzea da asmoa.
“Laguntza sareak sortzea da asmoa, alboan bizi dena ezagutzea. Gizarte anitz batean bizi gara, eta beharrezkoa da loturak sortzea, urteetan mantentzen direnak gainera”, esan du Sainzek. Bazkariak etxean bertan egitera gonbidatu dituzte herritarrak Sos Arrazakeriakoek. Familiek alboan dinamizatzaile bat izango dutela aurreratu dute. Azaroaren 10a izango da izena emateko azken eguna eta handi egun gutxira jakinaraziko dute nola egituratu dituzten aurtengo bikoteak.
Interesdunek helbide honetara idatzi beharko dute, edo bestela, 658 74 97 56 edo 943 05 63 78 telefono zenbakietara deitu.