Emantzipatzeko diru laguntzak eska ditzakete jada herriko gazteek
Azaroaren 11ra bitarte eska daitezke diru laguntzak, Zu! Zure Udala arreta zerbitzuan, astelehenetik ostiralera bitarte.
Herriko gazteen emantzipazioa errazteko diru laguntza lerroa abiatu du aurten ere Errenteriako Udalak. Gaur bertan eman du horren berri Xabier Sanchez Gazteria zinegotziak. Honen ahotan, aurten ere “alokairu erregimenean etxebizitza hartzeak 2022an ekarri dituen gastuei aurre egiten laguntzea” du xede egitasmoak.
Herrian erroldatutako gazteentzako da laguntza, baldin eta, gutxienez, diru laguntzaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko sei hilabeteetan herrian erroldatuta badaude. Hau da, apirilaren 11tik aurrera erroldatu badira eta 18-35 urte bitartean badituzte eska daiteke, edo bestela, 18 urte beteta ez izan arren, beren kaxa bizi badira ere. Horrez gain, diru laguntza eskatu ahal izateko alokairu erregimeneko etxebizitza hori Errenteriakoa behar du izan.
Bi gastu lerro lagunduko dituzte diruz: 2022ean etxebizitzan sartzea eta 2022ko urtarrila eta abendua bitartean ordaindutako hileko errenta. Bi kasuetan elkarbizitza unitatearen diru sarrerak 3.000 euro gordinetik gorakoak izan behar dira, eta kide bakarrekoa denean, 26.000 euro gordinetik beherakoak; eta elkarbizitza unitatea bi kide edo gehiagokoa bada, orduan, 30.250 eurotik beherakoak beharko dute izan.
Azaroaren 11era bitarte eska daiteke diru laguntza, Zu! Zure Udala arreta zerbitzuan.
Sanchezek gogorarazi du ezinbestekoa dela inprimakiak behar bezala betetzea eta agiri osagarri guztiekin aurkeztu eta erregistratzea. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek helbide honetara idatz dezakete, edo bestela, 943 44 96 00 edo 943 44 96 06 telefono zenbakira deitu daiteke.