Zuhaitzak identifikatzeko plakak jarriko dituzte, Eskola Agendari erantzunez
Ikastetxeetako ordezkariak udalekoekin elkartu dira, iaz egindako proposamenak errepasatzeko. Udalak egingo dutenaren berri eman die.
Eskola Agenda 2030 proiektuaren barruan, herriko ikastetxeek garapen iraunkorrarekin zerikusia duten gai bat lantzen dute, eta herrian hobe daitezkeen ahulguneak identifikatzen dituzte. Ondoren, udalari egitendizkiote proposamenak.
2021/2022 ikasturtean lurreko ekosistema landu zuten, eta bereziki larre eta landareak kontuan hartzea eskatu zioten udalari. Ikasleek maiatzean egin zizkieten proposamenak udal ordezkariei, eta gaur elkartu dira berriro, erantzunak jasotzeko.
Proposamenak
Besteak beste, herriko landare eta zuhaitzen izenak ezagutarazteko ekintza zehatzak antolatzea eskatu zioten ikasleek udalari. Zuhaitz Eguna antolatzeaz gain, urtea bukatu baino lehen bidegorrian 82 plaka jarriko dituztela zehaztu du Lekuona Hirigintza zinegotziak. Ander Santesteban Ingurumen teknikaria ere bertan izan da azalpenak ematen.
Plaka horietan zuhaitzen izena, jatorria eta hostoaren irudia jarriko dituzte. Bidegorriaz gain, Arizmendieneko lorategian zein Ibargaingo parkean jartzea baloratzen ari dira.
Beste proposamenetako bat izan zen herriko parkeetan eta ikastetxeetan jolastoki “naturalagoak” ezartzea. Momentu honetan daudenak konpontzen ari direla azaldu dute udaleko ordezkariek, eta berriak egiterako garaian eskaera kontuan izateko konpromisoa dutela jakinarazi diete.
Herriko zelaiak eta larreak zaintzeko beharra ere nabarmendu zuten aurreko bileran. Ildo honetan, otea eta iratzea garbitzeko iniziatiben berri eman die udalak.
Elizalde Herri Eskola, Elizalde Institutua eta Haurtzaro Ikastolako ikasleek eskerrak eman dizkiete udaleko ordezkariei, etxeko lanak egiteagatik.
Aurtengo gaia
Ikasleek aurtengo ikasturtean landuko duten energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea izango da. Garapen Jasangarrirko 2030 Agenda zazpigarren helburua da hori.