'Ivanka'-rekin hasiko da antzerkizaleen programazioa
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak 2022/2023 ikasturteko programazioa aurkeztu du. Igandean Piszifaktoria antzerki taldea arituko da.
Beste urte batez, Oiartzungo Antzerkizaleek programazioa antolatu du ikasturterako. Lehenengo saioa datorren igandean —hilak 23— izango da, udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan hasita.
Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Ivanka lana izango da ikasturtean taularatuko duten lehen lana (behean irakur daiteke sinopsia). Sarrerak txokolategian jarriko dituzte salgai, 5 euroan. Guztiak salduko ez balira, egunean bertan salduko dituzte, udaletxean bertan.
Oiartzungo Antzerkizaleek iragarri dute aurreko urteen ohiturarekin jarraituko dutela. Ikusle Txartelak banatuko dituzte antolakuntza lanetan aritzen direnek: “Oiartzungo antzerkizale leialak saritu nahi ditugu horrela: antzerkia ikustera etortzen diren hiru aldiren ondoren, laugarrenerako sarrera dohainik izango dute”.
Egitaraua
- Urriak 23: Ivanka, Piszifaktoria.
- Azaroak 13: Armiarma, Katiuska.
- Abenduak 18: Magma mia!, Bea Egizabal.
- Abenduak 30: Kaskarot, Atx teatroa (haurrentzat; 18:00etan).
- Urtarrilak 22: Ogiak hizketan baleki, Mamiak kolektiboa.
- Otsailak 26: Bete ingoiau, Zutani teatroa.
- Martxoak 19: ETAren agiri bulegoa, Gilkitxaro.
- Apirilak 23: Tempus fugit, Ze Onda Teatroa.
- Maiatzak 21: Zeozertan dabil baina ez dakit zertan, Metrokoadroka.
- Ekainean: Txinalka herriko helduen antzerki taldearen zein herriko gazteen ikasturte bukaerako antzezlanak.
- Uztailak 7: Nunavut, Myriam Perez Cazabon (20:00etan, kalean).
Ivanka
Ivanka antzezlana Piszifaktoriaren zazpigarrena da. Hainbat arte adierazpide erabili dituzte 50 minutuko iraupena duen lana sortzeko. Pasa den maiatzean estreinatu zuten, Donostiako Poltsikoko Antzerki beka jaso ondoren.
Gorputza eta ahotsa Irati Agirreazkuenagarenak dira, baita karakterizazioa eta jantziak ere.Gidoia eta zuzendaritza, berriz, Mikel Ayllonenak. Igor Arzuagak sortu du musika eta soinu-espazioa. Sinopsia honakoa da:
Barne-bakarrizketa baten bidez kontatutako istorio bat da hau. Indarkeria matxistak hildako emakume etorkin baten buru barrutik atera eta publikoaren buru barruraino sartuko den bidaia bat. Ivankaren eta Ivankaren moduan eraildako izenik gabeko hainbat eta hainbat emakumeren izena eta izana berreskuratzeko ahalegin bat.