Kategoriko Bertso Saioa, "atsegina, alaia eta bete-betea"
Zazpigarren bertso bazkaria egin dute Elizalde Herri Eskolan. Maila handiko bertsolariez gain, musikariek ere parte hartu dute.
Elizalde Herri Eskolak Kategoriko Bertso Bazkaria egin du zazpigarren aldiz. 130 lagun bildu ziren ikastetxeko jangelan. Bazkaldu aurretik, Iñaki Erkizia zuzendariaren bertsoak eman zion hasiera ekitaldiari.
DBH3 eta DBH4ko ikasleak mahaiez mahai ibili ziren, bazkaria era txukunean zerbitzatzen. Tripazorriak hilda, Irati Mateloren agurrak bertso jaialdi nagusiari bide eman zioten. Maialen Lujanbio, Maddalen Arzallus, Andoni Egaña eta Jon Maia bertsolariak aritu ziren Leire Beloki gai jartzailearen aginduetara.
Horrez gain, Manex Elgeta, Peru Alijostes, Irati Matelo eta Kattalin Arabolaza herriko bertsozale gazteek puntuak jartzen hartu zuten parte.
Bertsoez gain, musikarako tartea izan zen: Habanera eta Mendian gora haritza kantuak jo zituzten Itza Mitxleenak (eskusoinuarekin) eta Ane Sistiagak (pianoan).
Antolatzaileen arabera, saioa “atsegina, alaia eta bete-betea” izan zen. “Bertaratutakoak pozik, gustura eta berriz errepikatzeko gogoz atera ziren handik”, nabarmendu dute.
Elizalde Herri Eskolak “eskerrik beroenak” helarazi dizkie joan ziren guztiei, baita lanean aritu ziren ikasle, irakasle eta gurasoei ere. Udalaren laguntza ere eskertu dute.