Jubilatuen egoitza berriaren prozesuaren emaitzak aurkeztuko dituzte bihar
Landetxe plazako eraikin berriko espazioa diseinatzeko prozesuan 101 lagunek hartu dute parte. Bihar emango dituzte nondik norakoak.
Prozesuan parte hartu duten jubilatu eta eragileek aurkezpenera joateko deia egin dute. Landetxe plazako eraikin berriaren obrak aurrera doaz pixkanaka. Udalak azaldu duenez, “bukatzear” daude lanak.
Edukiontziari edukia eman behar zaionez, eraikin berriak izango duen hiru espazioetako bati (jubilazioen egoitza berria) bizitza emateko prozesua egin dute.
Hauen beharrak eta nahiak ezagutzeko eta gune berriak eskaini beharreko zerbitzuak zein diren zehazteko, parte-hartze prozesu bat burutu du Oiartzungo Udalak.
Auzoz auzo bilerak egin dituzte, eta zortzi bileretan 101 lagunek hartu dute parte. Lehen solairuan joango den gune horrek zein balio izan eta jarduera eskainiko dituen zerrendatu dituzte saio horietan.
Bihar, asteazkena, prozesu horren emaitzak aurkeztuko dituzte udalak zein herriko jubilatu eta pentsiodunekin lan egiten duten eragileek. Emaitza horren berri jakin nahi duenak udaletxeko pleno aretora joan beharko du, 17:00etan hasiko den saiora.
