Lezo-Donibane bidegorriaren "atzerapen berria" salatu du Eguzkik
Taldekideek zehaztu dute 2021eko aldundiaren aurrekontuetan zegoela jasota bidegorriaren azken zatia egiteko diru zatia.
Lezo-Donibane bidegorriaren hirugarren zatiaren lanak egiteko beharrezkoa ziren zundaketak egin dituzte berriki. Aldundiak iragarri du lan horiek “2023ko lehen hilabeteetan” hasiko direla. Adierazpen hori “atzerapen berri baten konstatazioa” dela salatu du Eguzkik. “Albiste bikain horrek esan bahi du bidegorria 2022an ere ez dela bukatuko, ezta bukatzen hasiko ere”.
Adierazpen horiei sostengua emateko hainbat daturen berri eman du talde ekologistak. Batetik oroitarazi du bidegorriaren lehen zatia (Lezotik hurbilen dena) 2017an bukatu zutela; bigarrena, 2018rako bukatuta izango zela esan arren, 2019an egin zela. “Aldundiak 2021eko aurrekontuetan sartu zuen hirugarren zatirako partida, eta obrarik ezean, iragarri zuen proiektua esleitu egin behar zuela. Horrek aditzera ematen zuen 2022an obrak egiteko edo hasteko moduan izango zirela. Orain, aldiz, urtebete geroago, 2023ko lehen hilabeteetan hasiko direla esan dute. Noizbait egia izango da, noski”.
Lezo-Donibanekoaz gaindi egin du gogoeta Eguzkik. Adierazi du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana 2013an onartu zela aldundian, zortzi urteko epealdiarekin (2021era artekoa). “Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu bestetik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla Lezo-Donibane bezala bukatu gabe, edo hasi ere egin gabe daudenak”. Egiten hasi gabe daudenen artean bi aipatu dituzte Eguzkikoek, Oarso Bidasokoak: Errenteria-Orereta eta Gaintxurizketa artekoa, eta Gaintxurizketa eta Irun (Katea) batuko lituzkeena. Zortzi urtean egin beharreko sarea, beraz, “hamabost edo hogei urte barru” ez dela osatuko zehaztu du taldeak.
Taldekideek adierazi dute osasun-egoerak, energia-krisialdiak eta klima-larrialdiak herritarren artean bizikleta erabiltzeko kontzientzia areagotu dutela: “Oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari ematen dioten potentzial guztia garatu ahal izateko oztoporik handiena azpiegitura falta da. Aldundiak berak 2020an udal teknikariekin, eskualdeko garapen agentziekin, eta oro har bizikletarekin zerikusia duten enpresekin eta elkarteekin egindako inkestak horixe dio. Baina aldundiak galga emanda jarraitzen du”.
