Xabier Obesoren 'Arrazoiaren eta emozioaren artean' erakusketa bisitatu daiteke jada
"Arteak pertsonen garapen pertsonal eta sozialean duen garrantziaz hausnartzeko gune izan nahi duen" erakusketa da Obesorena. Azaroaren 12ra bitarte bisitatu daiteke.
Errenteriako Udalak jakinarazi du jada zabaldu dutela Xabier Obesoren Arrazoiaren eta emozioaren artean izeneko erakusketa, atzo inauguratu zuten ofizialki. Xenpelar Etxean bisitatu daiteke erakusketa, azaroaren 12ra bitarte, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara.
Pintura erakusketa da Obesorena, udaleko iturrien arabera, “arteak pertsonen garapen pertsonal eta sozialean duen garrantziaz hausnartzeko gune izan nahi duena”. Obesoren obra filosofiko eta transzendentala dela erantsi dute. Batetik, filosofikoa, “bere baitako kezkak islatzen dituelako koadroetan”, eta bestetik, transzendentala, “inkontzientean sakontzearekin batera ezagutzaren mugak gainditzen dituelako”.
Erakusketa honekin jarraipena eman diote 2017an Jose Luis Caso Aretoak jasotako Emozioaren eta arrazoibidearen artean erakusketari.
“Artea emozioa da. Hizkuntza artistikoa edo estiloa edozein izanda ere, abstraktuagoa nahiz figuratiboagoa izan daiteke, baina emoziorik gabe ez dago arterik. Arteak ez du arrazoiaren beharrik, ezta azalpenik ere, soilik sentitu daitekeen zerbait da”, erantsi dute udaleko kultura sailetik, herritarrak bertaratzera gonbidatuz.