Hiru hilabete daramatza Antxoko liburutegiak goizetan ireki gabe
EH Bilduk ziurtatu du udal gobernuak langile baten baja ordezkatu nahi ez izana dela itxieraren arrazoia. "Oso larritzat" jo dute erabakia.
Hiru hilabete daramatza Pasai Antxoko liburutegiak goizetan ateak ireki gabe. Horren arrazoia, EH Bilduren arabera, udal gobernuak ez duela langile baten baja ordezkatu nahi izan.
Koalizio abertzaleak “oso larritzat” jo du PSE-EE eta EAJren jarrera, eta gobernuaren “utzikeria” gaitzetsi nahi izan dute. Horrekin, egoera ahalik eta azkarren konpon dezaten exijitu diete agintariei.
Itxiera Pasaiako udal gobernuaren “murrizketa politikaren” beste kapitulu bat besterik ez dela esan dute. Auzitan jarri dute, halaber, PSE-EE eta EAJk osaturiko gobernantzan kultura-politikarik ba ote den.