Proisako orubea estaltzeko obra lehiaketara atera du berriro udalak
"Gertuago" ikusten du udal gobernuak San Pedroko frontoiaren atzealdean sortu nahi duen erabilera anitzeko espazioa.
San Pedroko Proisa eraikina zegoen orubeari estalkia jartzeko lanak lehiaketara atera ditu berriro udalak. Aspaldian esan izan dute sanpedrotarrek gazteenen aisia bermatzeko beharrezkoa dutela, oso, euriaz babesturiko gune bat; eta aspaldikoa da, halaber, Proisakoari sabaia ezartzeko proposamena. Formaldatzen joan da, baina, ideia.
2019 urte bukaeran Pasaiako Udaleko Hirigintza Sailak jakinarazi zuen enpresa kokatzen zen lekuan behin-behineko eraikina egingo zutela lan edukiontziekin [alboko argazkian ideia]; 80.000 euroko aurrekontua zuen horrek. Lizitazio hura, baina, hutsik gelditu zen.
Enpresarik aurkeztu ez izanaren ondorioz, edukiontzien plana bertan behera geratu zen. Udalak erabaki zuen 2019ko asmoak alde batera utzi eta eraikin bat sortu beharrean oruberako estalki bat ezartzea.
2020 urte bukaeran, udalak, 12.500 euroko aurrekontua zuen proiektua kontratatu zuen eraikuntza berria diseinatzeko. Lanak martxan jartzeko diru-partida bat ere bazegoen hurrengo urteko aurrekontuen proposamenean. Estalkirako obrak, beraz, 2021. urtean bukatuko zirela aurreikusi zuten.
Lizitazioa urte horren bukaeran esleitzea lortu bazen ere, enpresa esleipendunak izandako arazoengatik, ezin izan zitzaion jarduketari ekin.
Datorren urterako
Eskakizun eta oinarriak aztertuta, lehiaketara atera berri da, aste honetan, frontoiaren atzealdea estaltzeko obra. Loreto Osa gobernukidea itxaropentsu mintzatu da: “Proisako eraikin zaharraren lekuan sortuko dugun erabilera anitzeko espazioa gertuago dago jada, eta pasaitarrok gozatzeko leku estalia izango da”.
Joan den urteko aurrekontuaren zenbatekoa 57.076 euroan handitu behar izan da aurten, udalaren arabera, materialen prezioen gorakadagatik. Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak uste du herritarrek “erabiltzeko eta gozatzeko” espazioak hobetzeko urrats berria dela azken hau.