Gezi Beltzak tailerrean sormenezko idazketa landuko dute
Ehuntze Sormen Espazioak antolatu du ikastaroa, bigarrenez. Oier Guillanek gidatuko ditu saioak, eta hilero idazle bat hurbilduko da bertara.
Gezi beltzak idazketa kreatibo tailerra abiaraziko dute Ehuntze Sormen Espazioan. Aurtengoa bigarren ekialdia izango da.
Oier Guillanek gidatuko ditu saio horiek, eta iazkoan bezala, hainbat idazle gonbidatuko dituzte, gidari lanetan aritzeko. Jose Luis Otamendi, Danele Sarriugarte, Mikel Antza eta Mari Luz Esteban hurbilduko dira Beheko Plazako lokalera.
Sormenezko idazketa tailerrean, zuzen idazten laguntzeko hainbat tresna emango dituzte. “Edonork idatz dezake baina, era berean, idazketa ikasi, entrenatu, praktikatu egin daiteke. Testuen lanketarako ez dago formula bakar eta magikorik, baina entrenamenduak eta, batez ere, irakurketak, bidaide apartak izan daitezke”, adierazi dute antolatzaileek.
Azaldu dutenez, taldean ikasle bakoitzaren nahiak “errespetatu” eta “zaindu” egingo dituzte. “Maila berean egongo dira zaletasun edo gozamen hutsez idatzi nahi dutenak, zein publikatu dutenak edo inoiz publikatzera iritsi nahi luketenak”, esan dute.
Jakinahia eta gozamena uztartuko dituztela iragarri dute, eta ariketa praktikoetan ezohiko jolasak esperimentatuko dituztela, pedagogia “kreatiboenei” lotutakoak.
Izen ematea
Hilaren 28an izango da izena emateko azkeneko eguna. Oiartzuarrentzat hilean 30 euro balioko ditu, eta kanpokoentzat, berriz, 40.
Lehenengo saioa azaroaren 5ean izango da; hilero hiru saio egingo dituzte, bi larunbat goizetan etabestea ostiral arratsean.
Izena emateko edo informazioa eskatu nahi bada, e-posta bidez jar daiteke harremanetan.