Labore Oarsoren webguneak itxura berria du
Kontsumo kooperatibaren webguneak hainbat berritasun edukiko ditu, eta kide talde bakoitzak bere txokoa izango du.
Labore Oarsok webgunea berritu duela iragarri du. Oraindik azken ukitu batzuk falta zaizkien arren, itxuraldatuta dagoela jakinarazi dute.
Kontsumo kooperatibaren komunikazio lantaldea aritu da lan horretan, eta aurpegi moldaketa mugatuko ez dela ziurtatu dute. “Bazkide, ekoizle, langile, konplize eta azpi-taldeek beren txokoa edukiko dute”, zehaztu du Labore Oarsok.
Kooperatibako kide izan ala ez, herritar guztiak gonbidatu dituzte Labore Oarsoren webgune berria bisitatzera.
Kirol Astea
Igandean hasiko da Kirol Astea, eta Labore Oarsok bere ekarpena egingo dio, herriko beste eragile batzuek bezala.
Solasaldia antolatu du astearterako —hilak 25—. Mikel Astarloza txirrindulari ohia eta Jon Beloki alpinista ohia eta irakaslea arituko dira, 17:30etik aurrera, Labore Oarsoren egoitzan.
Kirol profesionala uzteko erabakiaz, eginiko doluaz eta eguneroko berri bat eraikitzeaz ariko dira.