Sortutako obrei begirada berria emango diete Hitzen Lihoan
Azaroaren 2tik 6ra bitartean egingo dute bosgarren ekitaldia. Lehenik sortuta dagoena berriro begiratzean jarri dute begirada.
Hitzen Lihoak bosgarren ekitaldia izango du aurtengoa. Urtero gai bat hartzen dute ekitaldi guztien zehar lerro moduan, eta aurtengoa Begiradak izango da.
Lehendik sortuta dagoenari berriro begiratzeari jarriko diote arreta azaroaren 2tik 6ra bitartean. Bost egun horietarako zortzi ekitaldi antolatu dituzte. Denak elkarren artean ezberdinak, baina sortutako obrei berriro begirada berezia emango dietenak, modu batean edo bestean.
Begiraden gaia horrela azaldu dute Hitzen Lihoaren antolatzaileek: “Ezer ez da hutsetik sortzen, eta sormenak ere behar du aurretik sortutako obra bat. Gure aurrekoen hitzekin idazten dugu; ondokoen irudiekin marrazten; beste ahots-korda batzuen doinuak abesten”.
Nabarmendu dutenez, lan bat sortzean, “neurri handiagoan ala txikiagoan”, aurretik daudenak berrirakurrita eta berrinterpretatuta egiten direla.
“Horretarako”, jarraitu dute, “beste urte batez, literaturaren, antzerkiaren, musikaren, bertsoaren eta arte
plastikoen bueltako edizioa prestatu dugu; herritik sortua, bertako zein inguruko beste euskal herritarrentzat”.
Azaldu dutenez, “begiradaz begirada” antolatu duten egitarauko ekitaldi guztietarako bonua erosteko aukera izango da. 30 euroko prezioa izango du (25, langabetuentzat), eta txokolategian erosi ahal izango da.
Egitaraua
Azaroak 2, asteazkena
- 19:00etan: Manifestua. Eider Bergaretxe.
Ondoren, Elizalde Herri Eskolako eta Haurtzaro Ikastolako ikasleen erakusketa. Antton Mendizabalen Intxixua abiapuntu hartuta, bertsoak, ilustrazioak eta eskulturak. Gaztetxoen poesia irakurketa, Amaia Lasaren Nereak ez diren lurralde hauetatik poema oinarri hartuta. Udaletxeko areto nagusian.
Azaroak 3, osteguna
- 19:00etan: Baserri hedatua tesiaren eta liburuaren aurkezpena. Onintza Etxebeste. Udaletxeko areto nagusian.
Azaroak 4, ostirala
- 22:00etan: Pasadena. Kontzertua. Udaletxeko areto nagusian. Sarrera 7 euro, txokolategian.
Azaroak 5, larunbata
- 11:00etan: Atoz gogoz. Allende Arnaiz artistak lantzen ari den Atoz Pekataria proiektua aurkeztuko du modu praktiko batean. Partaideek obra honetako esaldi bat serigrafiatuko dute; horretarako, kamiseta, alkandora edo oihalezko euskarri bat ekar dezakete. Ondoren, Arizmendieneko kapera bisitatuko dute jatorrizko inskripzioak ikusteko. Arizmendienean. Izen-ematea: e-posta bidez egin beharko da, azaroaren 3ra arte.
- 18:30ean: Berrehun dukat antzerki dokumentua, Ehun dukat antzezlanean oinarritua. Josune Gorostegi eta Titika Rekalt. Done Eztebe elizan. Sarrera 7 euro, Txokolategian.
*Hiletaren bat balego, hileta bukatzean.
Azaroak 6, igandea
- 11:00etan: Irakurketa jarraitua. Kontzejupean. Izen-ematea: e-posta bidez, urriaren 27ra arte.
- 14:00etan: Bazkaria. Girizia Elkartean. Txartela 20 euro (langabetuek 15 euro), bertso-saio literarioa barne, txokolategian.
- 16:00etan: Bertso-saio literarioa. Uxue Alberdi, Igor Elortza eta Alaia Martin. Gai-jartzaile: Iñigo Astiz. Girizia Elkartean. Sarrera 5 euro, txokolategian.