Alaia Martin, finalaurrekoetan aurrera egiteko gogoz
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehen itzuliko estreinako saioan parte hartuko dun oiartzuarrak, Elizondon.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehen itzuliko saioa izango du Alaia Martin oiartzuarrak bihar Elizondon (Nafarroa). 17:00etan hasiko da, Baztan pilotalekuan, saioa. Ondoan, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Unai Agirre izango ditu Martinek.
Finalaurrekoen lehen itzuliko lehen saioa da Elizondoko. Lehen itzuliko saioak lau dira orotara. Finalaurreko horietan, 2017ko Txapelketa Nagusiko finalean izan zirenak (han izan ziren bost bertsolarik erabaki dute aurtengoan parte hartzea), eta aurtengo Txapelketa Nagusiko lehen fasean aurrera egin duten hemeretzi bertsolariak izango dira.
Finalaren atarikoen bigarren itzulira (hiru saiokoa da) 24 bertsolari horietatik hemezortzik egingo dute aurrera, hau da, bigarren itzulira ez dira pasako sei bertsolari. Zazpi finalistak (finala abenduaren 18an da, Iruñean eta 2017an irabazle izateagatik Maialen Lujanbio sailkatua dago), finalaurrekoen bigarren itzuli horretatik aterako dira, bertan punturik gehien lortzen dituztenak izango dira han, alegia.
Lehen fasean, punturik gehien lortu dituen bertsolaria izan da Alaia Martin, 738rekin; puntuazio berbera jaso du fase horretan Nerea Ibarzabalek, eta hasierako saio horietan hirugarren Oihana Iguaran izan da, 737,5 punturekin. Beraz, lehen itzulian Martinek irailaren 24an Getxon (Bizkaia) egin zuen saioa apartekoa izan zen.