[Elkarrizketa] «Kayak surfean, selekzio guztietatik osoena da gurea»
Gazte lezoarra munduko txapeldun izan da kayak surfean. Behin ez, birritan: Junior Mailako ontzi motzen eta luzeen kategorietan. Euskal Selekzioaren koloreak defendatu ditu, harro. Aurrera begira indartu egin da Illarreta.
Irribarre zabalarekin eta gozo mintzo da Aiur Illarreta Beñaran 17 urteko lezoarra. Baditu horretarako arrazoiak. Kayak Surfeko Munduko Txapelketan, Ingalaterrako Bude herrian urri hasieran egindakoan, Junior Mailan bitan izan da urre: ontzi laburretan eta luzeetan. Munduko txapeldun bat du Lezok.
Jada egun batzuk igaro dira bi munduko txapelketak irabazi zenituenetik. Zein sentsaziorekin zaude orain?
Lasaitasuna da dudan sentsaziorik nabarmenena. Presio askoko txapelketa izan da, han izateak bakarrik urduritasun handia eragin dit. Orain, entrenatzeko eta hobetzeko gogoarekin bai, baina batez ere gozatzeko nahia dut. Hau da, lagunekin lasai entrenatu nahi dut, bakarrik ere bai: gozatu nahi dut. Lehiari dagokionez atseden hartu nahi dut.
Espero al zenuen munduko txapeldun izatea, birritan gainera?
Junior Mailako probetan txapeldun izateko aukera ikusten nuen. Euskal Herriko txapelketa gehienak ondo egin ditut, eta aitortu behar dut juniorretako maila ez dela hain altua. Bi kategorietan irabaztea nahia zen, baina ez nuen zeharo espero. Bazeuden Argentinako eta Euskal Herriko lehiakide bana oso onak direnak, eta nahiko paretsu ibiliko ginela uste nuen. Txapelketan, ontzi luzearekin oso gustura ibili nintzen eta banekien irabazteko aukera asko nituela. Ontzi motzarekin, berriz, uretatik atera arte ez nintzen izan batere ziur irabaziko nuela.
Open kategorian, hau da, adin guztietako kayak surflariek parte hartu zuten lehian, laugarren. Hori ere sekulakoa da, ezta?
Bai, hala da. Baina egia esan, Ingalaterrara joan baino lehenago uste nuen kategoria horretako lana errazagoa izango zela. Kanporaketetan aurrera egitea oso zaila egin zitzaidan, eta ontzi luzekoan finalerdian gelditu nintzen. Openen barku txikiarekin iritsi nintzen finalera, eta azkenean, laugarren.
Nola iritsi da lezoar bat kayak surf egitera bakarrik ez, goi mailako kayak surflari izatera?
Zentzu horretan aitari eskerrak eman behar dizkiot. Harekin hasi nintzen piraguan. Aita lankide batzuekin egindako apustu batengatik hasi ziren piraguan, pentsa. Apustu hura irabazi, piragua bat lortu, gehiagotan ibiltzeari ekin, eta ni neu ere hasi nintzen aitarekin entrenatzen. Zortzi bat urte nituen. Geroago egun nire entrenatzaile den Edu Etxeberria ezagutu genuen, Donostiako Real Club Nauticon hasi nintzen, eta haiekin egindako lanagatik iritsi naiz nagoen tokira.
Ikasketak, familia, lagunak, entrenamenduak… Nola uztar daitezke?
Ikastetxeko lanak ahalik eta gehien aurreratzen, eta ahalik eta gehien entrenatzen saiatzen naiz. Astean hirutan entrenatzen dut, eta saiatzen naiz ea laugarren entrenamendua sartzen diguten. Baina prestaketa lanetan ez banago, saiatzen naiz ikasketetan ahalik eta gehien zentratzen.
Munduko txapeldun norekin, eta Euskal Selekzioarekin.
Hori bai sekulakoa izan dela. Euskal Selekzioarekin Munduko Txapelketa batean parte hartzea pribilegioa da. Bada jendea ez zaiola axola Espainiakoarekin joatea, baina ni Espainiakoarekin ez nintzen ariko. Gainera, kayak surfean, selekzio guztietatik osoena da gurea, bai kirolarien maila aldetik baita azpiegitura aldetik ere, diru laguntzak-eta ditugulako erakundeen eta hainbat enpresaren partetik. Gainera, egun selekzioan dauden askok oso lan handia egin dute gauden egoeran izateko: orain Ingalaterran izan gara, duela hiru urte Perura joan ziren… Selekzio guztiek ezin dute hori egin.
Kirolari mordoska joan zineten Euskal Herritik Ingalaterra aldera. Zein giro izan zenuten?
Guztira 24 joan ginen hara. Oso giro ona izan genuen. Harreman ona dugu, eta hori gertatzen da surfa beste era bateko kirola delako: lehiakorra da, noski, baina beti nahi duzu zurekin batera lehian ari den horrek lan ona egitea. Hamar urre lortu ditugu Ingalaterrako mundukoan [hamasei zeuden jokoan].
Familia, lagunak, klaseko kideak… Zer esan dizute?
Egia esan, oso ondo denekin, oso pozik. Ikastetxean irakasleek ere zoriondu naute, eta nola ez, familiaren eta lagunen partetik ere babes handia izan dut. Ni neu ohitu naiz munduko txapelduna naizela pentsatzera. Baina jendea hortaz ohartzen denean, atentzioa deitzen die.
Munduko txapeldun birritan. Horrek aurrera egiteko baliabideak emango dizkizu.
Bai. Adibidez, goi mailako kirolari zarela izendatuz titulu antzeko bat ematen dizute. Horrek ikasketetan laguntza izateko aukera ematen du. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzia ikasketak egin nahi ditut, eta orain arte ikasketetan ondo nabilen arren, horrelako laguntzak izatea onuragarri da.
Esker bereziak baten batentzat?
Batez ere familiari eta aitari. Baita entrenatzaileei ere. Mila esker denei.