Nola dago LGTBIQ+ kolektiboa Oarsoaldean?
Galdera horri eta beste batzuei erantzuna emateko jardunaldia antolatu du Armairutik AT! Oarsoaldeak Lezoko Altamirako auzo elkartean, bihar.

Armairutik At! Oarsoaldea taldeak mahai-ingurua eta bestelako ekitaldiak antolatu ditu larunbaterako (hilak 22) Lezoko Altamirako auzo elkartearen egoitzan. Mahai-inguruaren ardatza, hainbat galdera erantzutea da: Nola dago LGTBIQ+ mugimendua Oarsoaldean? Zeintzuk dira gure kezkak? Zer nahi dugu? 20:00etan hasiko dira erantzun horiek mamitzen.
Mahai-inguruaren ondoren, Bingo Drag-a egingo dute Duo The Queens-eko partaide Garazi La Fantasy eta Alizia Kiss drag-ekin (23:00). Ondoren, DJ Zumitrenkok topaguneari erritmoa jarriko dio.
Mahai-inguruaren eta gainerako jardueren bitartez Oarsoaldeko LGTBIQ+ mugimenduan termometroa jartzeaz gain, elkar ezagutza sustatu eta espazio seguru eta anitzak sortu nahi dute Armairutik At!-eko kideek.