[Erreportajea] Obra-hondakinekin «etorkizun itxaropentsu» bat eraikiz
‘Nola irudikatzen duzu 2030eko Antxo?’, ‘Nola geratuko da herria topoa lurperatu ondoren?’. Galdera horiei erantzun eta datozen urteei «ilusioz» aurre egin ahal izateko herri batzarra deitu du SOS Antxok.

SOS Antxo Koordinadorako kideek «kezkaz» bizi dute barrutian lurpeko topo geltoki berria egiteko lanen prozesua. Obren eguneroko eragozpenengatikoa baino, Antxoko etorkizunagatikoa da, gehienbat, euren ezinegona. Uste dute «etxea teilatutik hasi direla eraikitzen», eta ez dela kontuan hartu barrutiaren gainazalak, euren bizitokiak, zer-nolako itxura izango duen gero. Alegia, lurpeko eraikuntzaren beharrak lehenetsi dituztela, bizilagunenen aldean.
«Obren emaitzak ezin du izan lurpeko geltokia egin eta Antxo beti izan den barruti gris bera mantentzea», esan du arduratuta Agustin Migeltorena Larraburu taldekideak. Hori ekiditeko, hain zuzen, buru-belarri lanean aritu dira koordinadorakoak, Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Pasaiako Udalak urte hasieran aurkezturiko planoen gainean herritarren beharrak gailentzeko zenbait moldaketa eginez. Proposamen horiek online kontsulta daitekeen txosten batean jaso dituzte.
Bi aginte organoek jendaurrean jarritako obra-planean «zenbait gabezia» identifikatu zituen SOS Antxok. Honakoak aipatu ditu Floren Moro de Arriba kideak: lurpeko geltokira jaitsiko den igogailura daraman aldapa luzeegia dela uste dute. «Eliza ia osorik inguratuko du arrapalak; lehen telefono-kabina zegoen puntutik, Biteri plazako futbol zelai osoa eta elizako atea zeharkatu, eta justu beste aldeko plazara iristeko», zehaztu du. Gehiegizko iritzi dio Morok eraikinari: «Espazio izugarria hipotekatuko digu».
«Obren emaitzak ezin du izan lurpeko geltokia egin eta Antxo beti izan den barruti gris bera mantentzea»
Horrez gain, eskailera bidezko sarrera [gainazalean bi sarbide izango baititu lurpeko geltokiak] etxebizitzei «oso itsatsita» omen dago ETSren proposamenean, eta horrek oinezkoentzako pasabide «oso estua» utziko luke sarbiderako eraikuntzaren eta inguru horretako bizilagunen atarien artean.
Hirugarren hobekuntzak larrialdietarako irteera izango denarekin dauka lotura. Ihesbide hori egiteko eraikin berri bat ere sortu beharko dute, antxotarren ustez, «neurriz kanpokoa», eta gainera, Azoka zenaren orubearen «ia-ia erdian». Dagoeneko ia eraikinik ez duen lursail hori aire zabaleko plaza bihurtu nahi du udalak, eta halako eraikin bat bertan «hala nola» kokatzea zentzugabetzat jo du bizilagun sareak.
Azken aipamena obrek eragindako beste espazio bati egin diote: Ibaiondoko zabalguneari. Bertan aireztapen sareta bat jartzea aurreikusi du ETSk, lurraren arrasean egongo ez dena eta, beraz, altuera apur bat hartuko duena.
Hori ere plazaren «kasik erdian» kokatu nahi dutela gaitzetsi dute, soluzioa justu ondoan dutenean: «Ibaiondoko goialdean, ariketa fisikoa egiteko makinak dauden tokitik errepidea hasten den arte, badago belardi bat inork erabiltzen ez duena. Sekulako espazioa da eta sareta bertan kokatzeak ez lioke inori trabarik egingo».
Etorkizuna diseinatzeko batzarra
«Kezkatzen gaituena da ETSk lur azpiko lan bat egin behar duela, eta ez zaiola axola gainazala nola gelditzen den», mintzatu da Migeltorena: «Bi punturen arteko biderik errazena lerro zuzena da, hori denok dakigu, baina herria da erabaki behar duena lerro zuzen horrek gure gainazala nola utziko duen». Morok esandakoa zuzendu dio: «Tira, udaleko hirigintza arloak beharko luke arduraduna, baina, tamalez, ez dira lan hori hartzen ari, eta gu geu ari gara egiten haiei dagokiena».
2030eko Antxo zer-nolakoa nahi duten hausnartzera animatu dituzte SOS Antxokoek bizilagunak, datozen urteei aurre egiteko pizgarri gisa bada ere. «Gutxienez bost urtez edukiko dugu hemen kalean lasai hitz egiten ere uzten ez digun zarata gorgarri hau. Bada, goazen etorkizuna irudikatzera ulertzeko, behintzat, sufritzen ari garen honek emaitza ilusionagarria izango duela. Motibazio bat behar da», Migeltorenak.
Horri heltzeko, hain justu, herri batzarra egingo dute datorren asteazkenean, hilak 26, 19:00etan Kultur Etxean. Lehen puntuan koordinakundeak diseinaturiko proposamenak jarriko dituzte jendaurrean; bigarrenean, udalaren «erantzunaren edo ez-erantzunaren» berri emango dute, eta bukaeran, elkarrizketarako eta ideiak elkarbanatzeko tartea izango da.
2030eko Antxo zer-nolakoa nahi duten hausnartzera animatu dituzte SOS Antxokoek bizilagunak
Bigarrenari dagokionez: maiatzean eduki zuen bilera koordinadorak Pasaiako Udaleko Hirigintza arduradun Andrea Palomaresekin eta ETSko adituekin. Orduko horretan prestaturiko txostena aurkeztu zieten, «zeina, euren hasierako txostenaren gainean zenbait proposamen gehituz egin dugun», zehaztu du Morok.
Ordutik bost hilabete joan dira, eta erantzunik ez dute izan. Horregatik dute zalantzan bigarren puntuaren izena, 26ra bitarte erantzunik jasoko balute, horren berri eman eta, ez izatekotan ere, berdina egiteko.
Jakin ahal izan dutenaren arabera, ET-k dagoeneko aztertu ditu herritarren proposamenak, eta udalaren teilatuan dago orain pilota. Auziaren gaineko adierazpenik ez dute egin nahi izan hitza-n udal erakundeko arduradunek.
Gauza bat dute argi talde antxotarreko ordezkariek: elkarlana oinarrizkoa dela. «Udalarekin batera, ondoan, joan nahiko genuke, baina ez dakigu horretarako gogorik baden».