Digitalizazioa bultzatzeko doako ikastaroa egingo dute Don Boscon
Digitalizazioa bultzatu nahi duten galdaragintzako, metalezko egituretako eta antzeko enpresei zuzendutako jardunaldia izango da.
Oarsoaldea Garapen Agentziak, Innobasqueko RIS3 Euskadi jardunaldien barruan, eta CIFP Don Bosco LHIIrekin lankidetzan, jardunaldi bat antolatu du galdaragintzan, metalezko egituretan eta antzeko beste jardueretan diharduten enpresentzat. Azaroaren 3an, osteguna, emango dute saioa, aurrez aurre nahiz online.
Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako topaketa doakoa izango da interesdunentzat. 15:30ean hasi eta ordubeteko iraupena izatea aurreikusi dute. Helburua, digitalizazioak sektoreko enpresetan dituen abantailak ezagutaraztea, eta eraldaketa digitaleko proiektuak garatzeko eta bizkortzeko laguntza tresnak eskura jartzea.
Jardunaldian parte hartzen dutenek digitalizazioak Lanbide Heziketan duen zeregina gertuagotik ezagutuko dute. Zehazki, Don Boscon eskaintzen diren Soldadura eta Galdaragintzako Erdi Mailan eta Metal-eraikuntzen Goi Mailan lantzen direnei buruzko xehetasunak emango dituzte. Ekitaldia bukatzean, bertaratzen direnek zentroko instalazioak bisitatzeko aukera izango dute.
Esandakoaz gain, Oarsoaldea Garapen Agentziak sektoreko enpresentzako laguntza eta programei buruzko informazio baliagarria ere emango du. Beren erakundeetan digitalizazioa ezagutzeko eta bultzatzeko interesa duten gerenteak, zuzendariak eta arduradunak ez ezik, eraldaketa digitalean interesa duten eskualdeko enpresa guztiak ere animatu ditu agentziak jardunaldira.
Lehiakortasuna hobetzeko aukera probestu nahi duenak, informazio gehiago eskuratu ahalko du 943 49 41 29 telefono zenbakira deituta.