Oiartzunera etorri berriei harrera saioa egingo diete
Ostiral arratsaldean egingo diete harrera maiatzetik erroldatu diren 63 herritarrei. Igandean, Munduko Arrozak egunaren txanda.
Azken hilabeteetan Oiartzunera bizitzera etorri direnei harrera egiteko saioa antolatu dute Oiartzungo Udaleko Hizkuntz normalizaziorako eta Ongizate sailek, Abaraxka ludotekarekin elkarlanean. Datorren ostiralean —hilak 28— izango da, 18:00etan hasita, Abaraxkan.
Aurten egingo den bigarren saioa izango da. Lehenengoa maiatzean egin zen, eta ordutik Oiartzunen erroldatu diren 63 bizilagun berriei parte hartzeko gonbita egin diete.
Betitik edo aspalditik Oiartzunen bizi direnak ere gonbidatu ditu udalak saiora. “Izan ere”, azaldu du udalak, “etorri berrien parte hartzea bezain garrantzitsua da bertako herritarrena eta eragileena, harrera naturalagoa izateko”.
Jakien bueltan elkartuko dira. Horregatik, bakoitzak bere herrialdeko elikagaiak eramateko deia egin dute, hango eta hemengo zaporeak dastatzeko.
Munduko Arrozak
Ez da asteburuan egingo den kulturen topaketa bakarra izango. Igandean, hilak 30, Munduko Arrozak eguna egingo dute Done Eztebe plazan.
Arroza oinarri, herrialde eta kultura bakoitzeko ukitua emango diote, herritarrek dasta dezaten.