Aurtengo Gau Beltza larunbatean prestatzen hasiko dira
Duela urte batzuk berreskuratutako ohiturari jarraituta, Gau Beltza egingo dute hilaren 31n. Lehenago, prestatu egingo dute.
2014an berreskuratu zuten Gau Beltza Oiartzunen, Abaraxka ludotekaren eskutik. Ordutik, gero eta gehiago dira kontsumismoa alde batera uzten duen festan parte hartzen dutenak.
Hilaren 31n —gaur zortzi— berriro ospatuko dute. Ludotekaren kanpoaldeko plazan elkartuko dira, 20:00etan, eta bertatik abiatuko da segizioa. Ohi bezala, arropa eta trapu zaharrak janzteko deia egin dute, eta beldurrak uxatzeko eginahalak egingo dituzte, hori baita gau bereziaren helburuetako bat.
Datorren larunbatean, hilak 29, hasiko dira Gau Beltza prestatzen. Ludotekan geratuko dira, kalabazak hustu, mozorroak prestatu, apaingarriak atondu eta beste hainbat prestaketa lan egiteko, Abaraxka Ibiltariaren barruan. Gau Beltzari buruzko istorioak ere entzungo dituzte. Hori guztia 16:30ean hasita.