Mobilizatzen jarraituko dute portuko langileek
Joan den astean bi elkarretaratze egin zituzten lanpostuen pribatizazioa gaitzetsi eta enpresa akordioa galdegiteko. Aste honetan, beste bi.
Pasaiako Portu Agintaritzako langileak mobilizatzen hasi dira hiru aldarripean: lanpostuen pribatizazioari ez; enplegu publikoaren alde; eta enpresa akordioa orain.
Joan den astean bi elkarretaratze egin zituzten, Lezon lehena eta Transatlantiko eraikinaren aurrean (portu eremu barruan) bigarrena. Azken horretan, hitzordua nahita ezarri zuten Administrazio Kontseiluaren ohiko bilerarekin batera, eta horrela, kontseilukideei euren aldarrikapenak jasotzen zituen komunikatua banatu zieten. Gero, bileran, LAB-eko ordezkariak, komitearen izenean, egoeraren berri eman eta enpresa akordioa eskatu zuen.
Datozen egunotarako beste bi elkarretaratze deitu dituzte: bihar, asteartea, 14:00etan Buenavistako biribilgunean egongo dira; eta ostiralean, 11:00etan, Transatlantikoko sarreran errepikatuko dute azken asteko agerraldia.