Aurten Film Laburren Jaialdirik ez dela egingo salatu du PSE-EEk
Isaac Palenciak salatu du joan den ekainean jaso zutela albistea, eta erabaki hori "akats historiko" bezala definitu du.
PSE-EE taldeko Isaac Palenciak eta Iñaki Ruizek agerraldia eskaini dute gaur Lekuona Fabrikaren kanpoaldean. Bertan salatu dute udalak ez duela asmorik XVII. Film Laburren Jaialdia antolatzeko. Bozeramaileak esan du joan den ekainean jaso zutela albistea, eta erabaki hori “akats historiko” bezala definitu dute sozialistek. Jaialdiaren egungo formatua “estankatuta” dagoela, hori izan da gaurko agerraldian esan dutenez, udalaren aldetik jaso duten erantzuna.
“Aspalditik gabiltza gure herriak duen politika kultural eskasa salatzen. Programazio falta handia dago, eta uste dugu anbiziotsuak izan behar garela”, esan du Palenciak.
Azaroan egin ohi da jaialdia, eta oraindik aurtengoa antolatzeko “garaiz” daudela uste du zinegotziak. Hartutako erabakia birplanteatzeko eskatu diote udal gobernuari.