Askotariko kulturak elkartuko dira igandean, arrozen bueltan
Abarka GKEak antolatuta, Munduko Arrozak ekitaldia egingo dute Done Eztebe plazan. Pandemiak etendako erlazio sozialak sustatu eta elkar ezagutza sustatu nahi dute.
Abarka Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta, Munduko Arrozak ekitaldia egingo dute datorren igandean, hilak 30. Oiartzunen eta Oarsoaldean bizi diren kultura ezberdinetako pertsonak elkartu nahi dituzte.
10:00etan hasiko dira hainbat jatorriren zaporea izango dituzten arrozak prestatzen, baina ez dira horretara mugatuko. “Jaialdi honetako antolamendu eta programa gerturatutakoen araberakoa izango da”, esan du Abarkak. “Abestea, dantzatzea, aldarrikatzea, eta batez ere jatea; dena onartuta dago”.
Salbuespenak aipatu dituzte: jarrera bortitzak, xenofoboak, sexistak edota homofoboak.
Munduko Arrozak ekitaldia antolatzeko akuilua pandemia izan da. Izan ere, garai horretan, kalearen erabilera zein erlazio sozialak mugatuta egon dira. Jarduerak pixkanaka berreskuratzen joan dira, eta kulturen arteko ezagutza sustatzen duten ekitaldia antolatu nahi izan dute.
“Munduko Arrozak gure kaleak alaitasunez, elkartasunez eta errespetuz betetzen duen urteko ekitaldia izatea nahi dugu, jaioterri ezberdineko pertsonen interrelazioa eta elkarbizitza defendatzeko asmoarekin”, adierazi dute.
Horregatik, oiartzuarrak zein Oarsoaldeko gainontzeko herritarrak gonbidatu dituzte, Done Eztebe plazan egingo duten ekitaldian parte har dezaten.