Lehen sektorea laguntzeko diru-laguntzen oinarriak onartu dituzte
58.000 euro bideratzea adostu dute bi udal taldeek, nekazaritzari bultzada emateko. Hamahiru puntu aztertu dituzte urriko udalbatzarran.
Hamahiru puntu aztertu zituen Oiartzungo Udalbatzak atzo arratsaldean, urriko plenoan. Horietatik esanguratsuenetakoa izan zen lehen sektorea bultzatzeko diru laguntzen oinarriak onartzea.
EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu zuten nekazaritzari 58.000 euro bideratzea. 2022an egindako gastuei aurre egiteko laguntza izango da diru partida hori.
Honako kontzeptuak lagunduko ditu: inbertsio eta ustiategien hobekuntzak; nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa; baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalakuntzak; berrikuntza teknologikora edo belaunaldien errelebora bideratutako aholkularitza azterketa lanak; ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak; nekazaritza erabilerarako ur gastuak; abereen bazka eta pentsuen ordainketa…
Eskaera horiek egiteko epea deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatu eta abenduaren 1era bitartean izango da. Informazioa udalaren webgunean egongo da eskuragarri, Iragarki Taulan.
Urmendi eta Landetxe
Urmendi Udal Ikastola Partzuergoaren lantaldea “arrazionalizatzeko” gastuei aurre egiteko partida onartu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin (EAJ abstenitu zen). Horrez gain, 69.112,94 euroko ekarpen gehigarria egitea ere onartu zuten.
Beste puntuak aho batez onartu zituzten. Landetxeko eraikin berriaren obren kontratuan aldaketak egitea onartu zuten. Horrela, bukatzeko epea luzatzeari argi berdea eman zioten, eta hasieran onartutako prezioa handitzea (75.738,74 euro, BEZik gabe). Arrazoia eman zuten: kontratua sinatzean, aurreikusi ezin zitekeen materialen kostuaren igoerari aurre egitea.
Udaleko langileen soldata %1,5 handitzea adostu zuten, inflazioak eroste-ahalmenean duen eragina arintze aldera.
Gai nabarmenekin bukatzeko, BPXport enpresarekin Elorsoro kiroldegia, Madalensoro pilotalekua eta udako igerilekua kudeatzeko kontratua urtebetez luzatzea erabaki zuten.