[Erreportajea] Sinadura bilketa abiatu dute errepide berria geldiarazteko
Kezkatuta daude trintxerpetarrak dagoeneko eraikitzen ari diren errepideak barrutian sortuko dituen albo-kalteengatik; eragindakoen artean dago Ziriza. Sinadura bilketa abiarazi dute obrak geldi ditzaten eskatzeko.
Ez da Antxo obrengatik hankaz gora dagoen Pasaiako barruti bakarra. Trintxerpe, eskala txikiagoan bada ere, barrutiaren etorkizunerako mugarri izango den aldaketak jasaten ari da garaiotan. Jakina denez, Adinberri adinekoentzako zentroa eraikitzeko aurrelanetan ari da dagoeneko Gipuzkoako Foru Aldundia, Pasaiako lurretan, eta horrek, munta handiko aldaketa orok bezala, ezinegona eta zalantzak piztu ditu bizilagunen artean.
Auzia oso labur azaltzearren, bi kezka dira nagusi trintxerpetarren artean: lanak egiten ari diren modua, eta lan horiek etorkizunean izango duten emaitza. Zentroa baino, horrekin lotura zuzena duen aparkalekua da, gaur-gaurkoz, pasaitarrak kezkatuta dituena.
Alkateordetzaren atzeko orubean behin-behineko parking berri bat sortzen ari dira, eta horra hor, hain justu, lehen kezka: aparkaleku hori eraikitzeko lanak nola egiten ari diren. Correos eta Ziriza arteko orubean errepide berri bat sortzen ari dira jada, Euskadi etorbidetik zuzenean sartu ahal izateko udal merkatuaren atzeko lursailera. Zalantza da zergatik eraiki behar ote den beste bide artifizial bat, dagoeneko existitzen bada, Aduana kaletik —Pasaiako Portu Agintaritzaren eremua—, lursail horretara heltzen den errepide bat.
Enrique Santiago Rodriguez da errepide berriari, horren berri izan zuen unetik, errezeloz so egin dion trintxerpetarretako bat. Barrutiko kale nagusia okupatu beharrak arazo nagusi bi sortuko dituela uste du: «Batetik, pertsonen mugikortasuna oztopatuko da eta, bestetik, kale horretan auto ilarak sortuko dira, inolako beharrik gabe, San Pedro eta Trintxerpe barrutietarako sarrera eta irteera bakarra baita».
Horrez gain, Ziriza eraikinari berari, eta eraikina kultur azpiegitura bihurtzeko planei ere eragingo diete aipaturiko lanek. Santiagok uste du Zirizaren inguruan trafikoa «aurrera eta atzera etengabe» ibiltzeak herri eragileek dituzten asmo horiek «deuseztatuko» dituela.
Pasaiako EH Bilduk, oposiziotik, bat egin du bizilagunen gaitzespenekin. Errepidea eraikitzea «guztiz onartezina» dela esan dute. «Zirkulazio kaosa» aipatu du koalizio abertzaleak ere, eta galdera zuzena egin diote PSE-EE eta EAJk osaturiko udal gobernuari: «Zer interesi erantzuten dio proiektu horrek, herrikoei edo portukoei? Norentzat gobernatzen du Pasaiako alkateak?».
Testuinguru horretan, Trintxerpeko bizilagun, elkarte eta eragileek sinadura kanpaina bat abiarazi dute Euskadi etorbideko errepideari EZ izenpean. Udal agintariei zuzeneko zenbait erregu egin dizkiete change.org webgunean topa daitekeen eskaeran, besteak beste, Izaskun Gomez alkatea zuzenean interpelatu dute «obra geldiarazi» dezan eskatzeko. 200 sinadurako helburua jarri dute, eta artikulu hau idazteko unean 167 lagunek emana zuten euren izena aldarrikapenaren alde.
Aparkalekua, trintxerpetarrentzat
Nork aparkatu ahal izango du sortzen ari diren parking berri horretan? Hori da trintxerpetarren beste galdera nagusietako bat. Izan ere, Adinberri egin ahal izateko, Lasako aparkalekua desagerraraziko dute, eta horrek kezka sortu du ibilgailuen jabeen artean.
Ezinegon horri hasierako erantzuna eman dio udal gobernuak aste honetan. Prentsa ohar baten bidez iragarri dute eraikitzen ari diren aparkaleku berria trintxerpetarrek soilik erabili ahalko dutela gauez eta asteburu nahiz jaiegunetan. Alegia, egunean zehar edonork aparkatu ahalko du bertan, baina Trintxerpen erroldatuta ez daudenek ezingo dute ibilgailua luzaroan bertan utzi, 19:00etatik 08:00etara eta asteburu nahiz jaiegunetan, bertako herritarrentzat erreserbatu nahi baitute espazioa.
Esandakoa erregulatu ahal izateko ordenantza berria sortu beharko du udalak, eta aurreratu dute izapideak ahalik eta azkarren egitea ahalbidetzeko, datozen egunotan jakinarazpena helaraziko dietela trintxerpetarrei euren etxebizitzetara, esanez HAZ bulegotik —alkateordetzan dago— noiz pasa daitezkeen aparkatzeko baimen berria jasotzera. Txartel itsasgarria kotxeen aurrealdeko kristaletan ezarri beharko dute jabeek.
Baimena eskuratu ahal izateko, hiru baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek: Trintxerpen erroldatuta egotea eta ibilgailua ere bertan helbideratuta izatea; tokiko zerga-betebeharrak egunean izatea; eta ibilgailuaren dokumentazioa indarrean egotea.