[Erreportajea] Bertako espezieei galdu duten tokia emango diete herri lurretan
Bidea hasi du jada Amezti taldeak. Ingurumen kezka duen herritar talde batek ezaugarritu du taldearen egitekoa. Inoren zain egon gabe, jada hasi dira herriarenak diren lurretan eragiten.
Ingurunearen alde, zaintzeko eta berreskuratzeko, hainbat ekintza egiten dira Lezon. Ez dira oraingoak, aspalditik daude herrian natura zaindu, eta beraz, herria aberasteko zereginean daudenak. Sortu berri den Amezti taldea horiei forma eman eta koordinatzeko bokazioarekin hasi da lanean. «Batez ere bertako basoak berreskuratzea da gure helburua, auzolanean, boluntarioen lanarekin», adierazi dute taldekideek. Aurretik egindakoen hainbat adibide eman dituzte, tartean, Etxetxo Lezoko Memoria Historikoarekin batera Memoriaren Basoa egikaritzeko elkarlanak, edo atzerago joanda herri lurretan, lur publikoetan egindako ekintzak, Arkirun, Epertxoko edo Elortegi eremuetan, adibidez. «Horiek berrartzea eta beste urrats asko egitea da asmoa, era koordinatuan».
Motibazio komuna duen herritar taldea bildu da Ameztira. Horien artean daude aspalditik ekologismoaren munduan lanean dabilen jendea, baita egun bizi den testuinguruak bultzatuta aurrera urratsa egiteko hautua praktikara eraman nahi duten gazteak ere. Bi iturri horietatik edango du taldeak, eta batuta, indartuko da Amezti: batzuen eskarmentuak eta besteen anbizio eta gogoak bat egingo dute. «Gazteen artean ingurumenaren gaineko kezka badago. Badakite gauzak ez doazela ondo. Beste gauza bat da hori zenbateraino ulertzen den gonbidapen moduan ingurua eraldatzen hasteko, esku-hartzeak abiatzeko. Ameztiren asmoa ez da inoren zain egotea. Autogestioan eta auzolanean ingurua berreskuratzen ari nahi dugu», zehaztu dute. Horrek herrian eragin baikorra izango duela ziur daude.
Lehen ekintza hilaren 15ean egin zuten. Lezoar kuadrilla bat bildu zen Apaiziartza errekaren ingurua garbitzera. Bereziki kolpatua izan da errekasto hori azken hamarkadetan, batez ere inguruan duen industriaguneak sortzen dituen hondakinen eraginez, baita Gi-2638 errepidea ere ondo-ondoan duelako. «Haltzadi arrastoak daude errekasto horretan. Hori berreskuratu nahi dugu. Apaiziartzan lanean ari diren nekazariek jada landaketak eginak dituzte, beraz, garbiketa egin eta haltzadia ezagutzeko aukera izan genuen». Erreka bazterrei oso lotutako espeziea da haltza, eta hezegune horiei industriak batez ere erabilera handia eman dienez, kaltea izan dute.
Aurrera begira, gehiago
Taldea osatu, ezaugarritu, eta lehen ekintza egin ondoren, bidea egiten jarraitzeko arrazoiak badituztela argudiatu dute Ameztiko kideek. Udazken bukaeran, adibidez, Jaizkibel mendiaren paisaiaren bilakaeraren gaineko erakusketa jendartera zabalduko dute, Baso Biziak plataformako kideen laguntzarekin. «Mendiaren erabilera nola aldatu den adierazi nahi dugu, eta horrek paisaian izan duen eragina: zein landaketa sartu dituzten, basoarekin zer gertatu den…».
Handik aurrera, auzolanak egiten diren eremuetan eragiten jarraitu nahi dute, baina batez ere, herri lurretan, lur publikoan esku hartu eta bertako basoari tokia emateko ekintzei eustea dute asmo: erreketan haltzadiak sortu, baserri inguruetan hariztiak, eta ameztiak Jaizkibelen.