[Bideoa] Xalto: "Lortu dugu minimoa!"
Egitasmoak aurrera egiteko beharrezkoa zuen gutxieneko diru kopurua lortu du. Eskerrak eman dizkie laguntzaile guztiei Xaltok.
Herrian xaltoka egitasmoak aurrera egiteko beharrezko zuen diru kopuru minimoa lortu du, beraz, egingo da. Xalto pailazoak egingo du, betiere lezoarrekin elkarlanean. “Egitasmoak aurrera zuengatik egingo du. Partaidetza eta komunitatea sortzea zen helburuetako bat. Eta lortu dugu”. Hala, Lezoko ondarea, kultura, jendea, txokoak eta bestelakoak ezagutarazi asmo dituen egitasmoak beharrezkoa zuen gutxieneko finantzazioa (9.900 euro) gainditu egin du Goteo plataforman egindako finantzazio kolektibo kanpainaren bitartez. “Eskerrik asko denei”, esan du Xaltok. Eta jarraian dagoen bideoan, azken ekarpenak egin dituztenei eskerrak eman dizkie banan-banan.
Datu bat eman du Xaltok. Aldundiaren Piztu Meta! 2022 proiektuaren barruan hautatutako hamabost egitasmoetatik (horretarako aurkeztu zuten Herrian xaltoka, eta onartua izan zelako sartu zen finantzazio kanpainan), herritarren artetik diru ekarpen handiena izan duena izan da Lezokoa. “Orain, botila ia-ia beteta dago. Garrafoia betetzea falta da orain. Zuen ideia, ekarpen, ilusio eta energia positiboarekin beteko dugu garrafoia”, esan du, pozik, pailazoak.