Hilerrirako errepidea zabal dadila eskatu du Lezoko EH Bilduk
Lanak egiten ari dira errepidearen inguruan, eta itxita dago. Domu Santu Egunari begira zabal dadila eskatu du koalizioak.
Olatzar eremuan egiten ari diren eraikuntza lanengatik, Lezoko hilerrira joateko errepidea itxita dago. Domu Santu Eguna asteartean denez, errepide hori irekitzeko eskatu du Lezoko EH Bilduk: “Herritar asko dira hilerrira joateko ohitura dutenak eta bisitari asko izango dira hilerrian. Aurreko egunetan ere jendearen joan-etorriak asko handitzen dira”.
Hilerrira doazen asko adinekoak edo mugikortasun arazoak dauzkatenak direla zehaztu dute koalizioko kideek. Gainera, herritarrek hilerrian uzteko apaingarriak-eta ere eramango dituztela adierazi dute, beraz, askok autoa beharko dutela hilerrira joateko. “Herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna ziurtatzeko, errepidea irekitzea beharrezkoa dela uste dugu”.