[Elkarrizketa] "Saregileak ezinbestekoak gara arrantzarako, baina ez zaigu kontuan hartzen"
Itsas Museoak antolatuta, saregileak Donostiako portuko arkupeetan sareak konpontzen egon dira, bertaratzen dienei, josten erakutsiz. Josten zuten bitartean, Euskal Itsas Museoko lankideek, portuko eraldaketa eta kontakizun zaharrak kontatu dituzte, jasangarritasuna ildo dutelarik. Edurne Salaberria saregilea (Pasai-Donibane, 1967) elkarrizketatu du Irutxuloko HITZAk.
Irutxuloko HITZAk egindako elkarrizketa da hau.
Donostiako kaian egon zinen lanean?
14 urterekin hasi nintzen sareak josten, eta, batez ere, Pasaian josten nuen. Donostiatik deitzen zigutenean, hona etortzen ginen, eta hemen, Kaian lan egiten genuen, jende guztiaren bistan. 1986an Pasaiako saregileak desagertu ziren, eta nik ere utzi egin nuen, familia sortue ta haurrak izan nituelako. Haurrak koskortu zirenean, berriro itzultzeko gogoa sartu zitzaidan eta 2010ean, Aita Joxe barkua zuenari deitu nion, hemen, Donostian, anaia bertan zebilen eta. 2012An azkeneko Aita Joxe barkua Hondarribira saldu zuten, eta ordutik jada ez dago ez barkurik ez saregilerik Donostian. Ordutik Hondarribian nago.
Jarraitzen duzu sarea josten?
Bai, noski, jendeak uste du jada ez dagoela saregilerik, baina gure lana ezinbestekoa da. Hondarribian hamalau emakume gara, Getarian beste hamalau, Orion zazpi bat, Bermeon jada inor ez –azkena iaz jubilatu zen–, eta Lekeition bat. Behera doa, bai. Barkuak ere asko jaitsi dira, baina barkuak dauden bitartean saregileak egon behar dute. Horren baitan gaude gu. Armadoreak ere behera doaz.
Arrantzak jarraituko duela uste dut, ez dela galduko, eta arrantzak iraun bitartean, sareak behar dira. Ezinbestekoak gara gu, nahiz eta ez zaigun kontuan hartzen. Dirudi hor gaudela gu, egonean, baina gu gabe ezin dute itsasora joan. Sarerik gabe ezin dute arrantzarik egin.
Nolakoa da egunerokotasuna?
Bi garai daude, neguan, paroan geratzen direnean, sare guztiak berritzen ditugu. Eta, adibidez, antxoa garaian, gauean ateratzen dira, eta zerbait puskatu bat da goizeko zazpietan dei egiten digute: “Kukuarrik sarea puskatu du, bazkaria ekarri”. Eta gu zortzitako han gaude, eta ez dakigu bazkaldu eta etxera joango garen, edo gaueko hamarrak arte egongo garen edo egunetako aberia den. Datorren asteartean, adibidez, jaieguna den arren, guk adi egon behar dugu; eta, beharrezkoa bada bertaratu. Ezin dugu planik egin, beraz.
Eta haurra zinenean?
Nik hamalau urte nituen, eta gainontzeko saregileek 60 urte inguru, baina nik uste nuen 80 edo izango zituztela. Imajinatu: jantzi beltzak, bizitzeko modua… oso desberdina zen guztia! Haien istorioak kontatzen egoten ziren, eta ni horren haurra nintzen, ipuin batean bezala egoten nintzen, ahoa bete hortz. Eta josteko modua ezberdina zen orduan:
Argi nuen txikitan jostuna izan nahi nuela, eta gurasoek joskintza ikasten utzi ziaten, eta ez naiz behin ere damutu. Jende askok esan izan dit, hemen, kaian, kristoren eguraldi txarrarekin, bustitzen ari ginenean: “Hori gertatzen zaizu ez ikasteagatik”. Ba ez naiz damutzen, gustatzen zait egiten dudana.
Zein izan da bilakaera?
Lana asko gutxitu da, noski. Lehen barkuko egiturak okerragoak ziren, eta sareak gehiago puskatzen ziren. Eta sareak ere, askoz hobeagoak dira; fibrazkoak dira orain. Orain lan gutxiago dago. Beste portuetan lan gehiagorekin dabiltza, eta ez da gu hobeak garelako [barrez]. Izan ere, josteko modua berdina baita orain, eta duela 100 urte.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Makina bat ekarri zuten, baina ez zuen behar bezala josten, amontonatu egiten zuen, baina hemen mailaz maila doa. Horrela josita kristoren indarra du sareak, baina bestela ez du aguantatzen eta lehertu egiten da. Esan dut, arrantza dagoen bitartean saregileak egon behar dutela, baina zaila ikusten dut. Saregileok orduka kobratzen dugu. Nahiko ondo kobratzen da ordua, baina batzuetan lana dago, eta besteetan, ez. Lana ez dagonetan zer egiten duzu, hipotekarekin eta gauza horiekin? Lehen saregileena ez zen lanbide bezala ikusten, lan osagarri bat zen. Bueno, eta lehenago, ezta hori ere. Arrantzaleen emazteak izaten ziren; senarra itzultzean, sareak konpontzera joaten ziren. Gerora lortu genuen soldata irabaztea.