"Jendearen bizitzaren kontura aberastea" leporatu diete elektrikei
Oarso Taldearen ekimenez, elkarretaratzea eta hitzaldia egin zituzten ostiralean, argindar konpainien jarduna salatzeko.
Oarso Taldeak elkarretaratzea eta hitzaldia egin zituen ostiralean, argindarraren garestitzea salatzeko eta herritarrak gaiarekin kontzientziatzeko. Diputazio plazan eta Biteri kalean Iberdrolaren egoitzaren parean) bildu ziren mobilizazioan izan zirenak. Ondoren, Mikel Otero EH Bilduko trantsizio ekologikoaren batzordeko kideak hitzaldia eman zuen Reina aretoan.
“Denek dakigu zein larria den argindarren garestitzea. Hiritarrak gero eta estuago gabiltza, baina energiaren oligopolioak geroz eta irabazi gehiago dituzte. Eta instituzio publikoak beste alde begira, behar den esku hartzea ukatuz”, esan dute taldekoek, amorruz. Argindarraren faktura ordaindu ezin duten herritarrei “gupidarik gabe argia mozten dioten” enpresa horien kontra agertu da taldea, hain zuzen, Iberdrola, Endesa, Naturgy eta EDPren kontra. Enpresa hauek “mozkinak loditzen eta oratzen” jarraitzen dutela salatuko dute, “jendearen bizitzaren kontura”.
Energia berriztagarriko iturri gehiago azkar hedatzea funtsezkotzat jo dute taldekoek, “lidergoarekin eta kontrol publikoarekin, gardentasun osoz, eta ikuspegi ekologiko, demokratiko eta justizia sozialarekin, herritarrak proiektuen parte senti daitezen eta ez kontsumitzaile huts”.