[Galeria] 'Etxetxo' batela aurkeztu du Hibaikak, memoria historikoa itsasotik ere berreskuratzeko
1936ko uztailean indar frankistek Etxetxo baserriko lau kide fusilatu zituzten. Haiei aitortza da atzo aurkeztu zuten batela.
Atzo, igandearekin, emozioz betetako ekitaldia egin zuten Hibaika Arraun Elkartearen egoitzan. Etxetxo izena daraman batela jendartean aurkeztu zuten. Pedro Usabiaga arduratu zen ontzian Etxetxo izena estaltzen zuen ikurrina zabaltzeaz. Une hunkigarria bizi izan zuen Usabiagak, etxeko guztiak alboan zituela.
1936ko uztailaren 27an Lezoko Etxetxo baserriko Maria Oiartzabal eta haren hiru semeak, Txomin, Xebastian eta Enrike, hil zituen frankisten aldeko komando batek, atzetik tiro eginez. Bidean abandonatu zituzten laurak, lurrean botata utzi zituzten. Aurrerantz jarraitu zuten faxistek, ezer egin ez balute bezala. Pedro Usabiaga Etxetxo baserriko ondorengo zaharrena da.
Atzoko ekitaldian familiako ordezkari batek adierazi zuen Etxetxo memoria historikoaren parte dela. “Ez dugu inoiz ahaztu behar gertatu zena, hori baita berriro gerta ez dadin ziurtatzeko modu bakarra”. Gaur-gaurkoz, krimen hori inork ez duela ordaindu adierazi zuten, justiziaren aurrean inor ez dela izan horren gaineko azalpenak emateko: “Inork ez du barkamenik eskatu familia bereko lau kide inolako errurik gabe akabatzeagatik”.
Familiak eskerrak eman dizkie Hibaika Arraun Elkarteko presidente Jon Otegiri, ekitaldia bideratzen lagundu zuen Jon Iriondori, eta bertaratu ziren Hibaikako kide guztiei. Gainera, Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldeko kideek nahiz Xabier Vesga txistulariak euren ekarpena egin zioten aitortza ekitaldiari; sendiak haiei ere esker on mezua helarazi die.
Jarraian, atzoko ekitaldiko hainbat irudi.