Auzokonposta egoki egiteagatik, saria Lezon
Herriko bost auzokonposta guneetako kutxen artean tenperatura egokiena eta egonkorrena duenari saria emango diote.
Lezoko bost auzokonposta guneetako erabiltzaileek saria izan dezakete, konposta egoki egiteagatik. Lehiaketa jarri dute abian: 2022ko datuetan oinarrituta, gune bakoitzeko kutxetan tenperatuta egoki eta egonkorrena zein den hartuko da kontuan irabazlea erabakitzeko. Sporako teknikariak arduratzen ari neurketak egiteaz, hamabostean behin (jarraipen bisita orokorrak hilerokoak dira). Kontuan hartuko dute Altamirako konpostagailuak txikiagoak direla.
Auzokonpostaren urteroko balorazio batzarrean proposatu zuen erabiltzaile batek lehiaketaren ideia. Hori ontzat eman, eta Lezoko Udalak sariketa egiteari ekin dio. Irabazleek, urtarrilean egingo den ekitaldian aitortza publikoa jasoko dute. Parte hartzaile den-denek ere sariren bat izango dute.
Joxean Sanchez Ingurumen zinegotziak lehiaketan parte har dezaten animatu ditu erabiltzaileak. “Hondakinen kudeaketa klima aldaketaren aurkako borrokaren gakoetako bat da, eta udalak burutzen duen konpostaje programak herritarren ingurumen kontzientziazioa handitzeaz gain, herritarren komunitatearen sentimendua indartzen du. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi ditugu lehiaketa honetan parte hartzera”.
Bost auzokonposta eremu daude Lezon: Altamirakoa, Andreonekoa, Aralar kalekoa, Arretxenekoa eta Lopenekoa. Udalak adierazi du azken hilabeteetan hobekuntzak egin dituztela horietan, tartean kartel berriak daudela, baita sare egokiagoak ere.
Parte hartzaileek euren zalantza eta iradokizunak aurkezteko bi bide dituzte. Honakoak:
- Posta elektroniko mezua bidalita.
- Whatsapp mezua bidalita 603 49 59 94 telefono zenbakira.