1936ko Gerran fusilatutakoak omendu dituzte
Oiartzuar talde bat hilerrira hurbildu da, omenaldia egiteko. Tartean izan dira udaleko ordezkariak zein Katin Txiki memoria historikoa lantzen duen elkartekoak.
Domusantu Egunean ohitura da hilerrira joan eta gertukoak oroitzea. Azken urteetan, herritar talde batek 1936ko Gerraren ondorioz errepresaliatutakoak omentzeko konpromisoa hartu du.
Gaur ere bai, lore eskaintza egin die herritar talde batek, Peña Gantxegiren eskulturaren abaroan. Udaleko bi talde politikoetako ordezkariak zein Katin Txiki memoria historikoaren alde lan egiten duen elkarteko kideak izan dira tartean.
Gerra hartan 21 oiartzuar hil edo desagerrarazi zituzten. Hilerriko paretaren kontra 110 lagun fusilatu zituzten, eta Pikoketan beste hamahiru miliziano hil. Gainera, hainbat hobi komun ere badira herrian.
Bi hilabetetan 250 oiartzuar atxilotu zituzten, orduko 5.200 biztanleen ia %5.