Arte martzialek Agustina Otaola pilotalekua hartuko dute, hirugarrenez
Kenthai klubaren egitasmoz, Errenteria Top Fighter txapelketa jokatuko dute 24 borrokalarik igandean. Horietatik zortzi dira herrikoak.
Errenteria Top Fighters txapelketaren hirugarren edizioa jokatuko dute igande honetan (hilak 6) Agustina Otaola pilotalekuan. Arte martzialak eta kontaktuko kirolaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du Kenthai herriko klubak aurten ere. Kick boxing, K1 eta MMA diziplinetako borrokaldiak jasoko ditu frontoiak, profesionalak eta amateurrak ariko dira.
Aurten, gainera, kaiola (oktogono bezala ere ezaguna) baten barruan borrokatuko dute, 12 borrokaldi jasoko ditu pilotalekuak. Gaurko aurkezpenean gaineratu dute horrek “xarma” emango diola saioari, eta inguruko zale asko erakarriko dituela. Gainera, aurten herriko ordezkaritza handia izango dela erantsi dute harro: 24 kirolarietatik 8 dira herrikoak, horietako bi neska. Gainerako borrokalariak Bilbotik, Nafarroatik, Zaragozatik eta Bartzelonatik datozela azaldu du klubeko Alberto Lopezek.
Harmailetako sarrerak 20 euroko prezioa du, eta aulkietakoak berriz, 25 eurokoa. Hauek klubean bertan edo Xenpelar kulturdendan eros daitezke. 16:45ean zabalduko dituzte pilotalekuaren ateak, eta partidak 17:30etan hasiko dira. Saioak, orotara, hiru-lau ordu inguruko iraupena izango duela aurreratu du Kenthaik.