Zintzilik Irratiak denboraldi berriaren aurkezpena egingo du, jaialdi batekin
Hiru talde igoko dira Niessen kulturguneko oholtzara hilaren 19an. 38 urtez "korrontearen kontra arraunean" aritu direla ospatuko du irrati libreak, "haizea eta marearen aurka, irismen gutxirekin, indar gutxirekin, baina bizirik".
38. urteurrena behar bezala ospatzeko eta 2022-2023 denboraldia aurkezteko jaialdi berezia egingo du Zintzilik Irratiak hilaren 19an (larunbata da). 38 urtez “korrontearen kontra arraunean” aritu direla ospatuko dute, “haizea eta marearen aurka, mehatxu eta isunen gainetik, irismen gutxirekin, indar gutxirekin, baina bizirik”, diote irratiko kideek.
Hiru kontzerturekin biribilduko dute hilaren 19koa. Lehenik, Getariako Oki Moki taldea igoko da oholtzara, ondoren Oiartzungo Astelehen Goizak eta azkenik, Barañaingo AFU sound systemak dantzan jarriko ditu bertaratutakoak.
Musikaz gainera, denboraldi berrirako aurreikusitako programak ere aurkeztuko dituzte. Barra eta irratiko materiala egongo dela aurreratu dute irratikoek.
19:45ean hasiko dute festa, eta 00:00etan bukatu. Sarrerak Niessenen bertan salduko dira (5 euroan), eta eskudirutan bakarrik ordaindu ahalko da.