280tik gora sinadura, Trintxerpeko errepide berriaren kontra
Udal gobernuari obra geldiaraz dezan eskatu diote barrutiko bizilagun, elkarte eta eragileek. Hori gertatu arte borrokan jarraituko dute.
Trintxerpetarren zati handi batek ez du errepide berririk nahi Ziriza eta Correos arteko orubean. Hori ageriko egiteko, sinadura bilketa abiarazi zuten orain dela aste pare bat, eta 280tik gora lagunen babesa jaso du jada protestak, kontuan hartuta online eta papereko formatuan jasotako izen-emateak.
Eraikuntza berria beharrezkoa ez dela esan dute, eta trintxerpetarrena ez ezik, sapedrotarren egunerokoa ere oztopatuko duela, Euskadi etorbideari eragingo dionez gero —eta hori denez gero bi barrutiak lotzen dituen bidea—. Berriro errepikatu dute Adinberriko obrak egiteko eraikitzen ari diren behin-behineko aparkalekuak baduela dagoeneko sarbide bat Aduana kaletik.
Hori esanda, zenbait galdera jarri dituzte mahai gainean: “Orduan, zertarako behar dugu sarbide berri bat? Zertarako behar dugu oinezkoei, haurrei, adinekoei, txirrindulariei… kalte egingo dien eta arriskuan jarriko dituen sarbide bat? Noren interesak defendatzen dituzte gure agintariek, herriarenak ala Portuarenak?”.
Ziriza Herriarena taldearen izenean, Trintxerpeko bizilagun, elkarte eta eragileek udal gobernuari eskatu diote bertakoen interesak defendatzeko, eta errepidearen lanak “lehenbailehen” geldiarazteko. Hori gertatu arte sinadurak eta babesa biltzen jarraituko dutela berretsi dute, “zentzugabekeria horren aurka”.