Lezoko EH Bilduren proposamenak "aparkalekuen arazoa" arintzeko
Bi proposamen zehatz eta beste orokor bat planteatu ditu koalizioak. Egungo udal gobernuaren jardunagatik aparkalekuen arazoa "areagotu" dela uste dute.
“Aparkalekuen arazoa” du Lezok, EH Bilduren ustez. Horri begira, proposamen sorta egin du, eta udalaren bitartez bideratu nahi ditu. Hala ere, aparkalekuen gaineko edo beste eremuetako neurriak hartzerakoan koalizioak uste du udalak herritarren iritzia kontuan hartu behar duela.
Herriko koaliziokideek aitor egin dute arazo konplexua dela aparkalekuen nahiz mugikortasun ohiturena, “oinezkoentzako herri atsegina izatea, mugikortasun aukera desberdinak egoki kudeatzea eta behar beste aparkaleku eta leku egokian kokatzea eskatzen baitu”. Beraz, horri guztiari irtenbide integrala eman behar zaiola uste du, epe luzeko ikuspegiarekin: “Herritarren parte-hartzea, azterketa sakonak, inbertsio ekonomikoak eta denbora eskatzen ditu horrek guztiak”.
Hori horrela, hiru proposamen zehatz aurkeztu ditu herriko EH Bilduk. Honakoak dira, hitzez hitz:
- Gaintxurizketa bidean, Elias Salaberria hiribide bukaeran zegoen txatarreriaren eremua alokatu, egokitu eta aparkalekuak egin. Horrekin batera, Aralar kalean, eraikuntza lanak oraindik hasi ez eta aspaldian itxirik dagoen orubea egokitu, berriro ere aparkaleku bihurtuz.
- Arraitoki (kiroldegi ondoko aparkalekua), Guillermo de Lazon, Hipolito Gezala eta Polentzarrene inguruak lezoarrentzako gune bihurtu, Altamira auzoan egiten den antzera.
- Herriko hainbat kale norabide bakarreko ezarri daitezkeen eta horrek aparkaleku gehiago izateko aukera sortzen duen aztertu.
Lezon aparkatzeko arazoa aspaldikoa dela azaldu du EH Bilduk. Hala ere, arazoa egungo udal gobernuak hartutako erabakiengatik eta “utzikeriaren” ondorioz “arazoa areagotu” dela uste dute.