Kirol Astea "arrakastatsua" izan dela esan du udalak
800 lagunek hartu dute parte zazpigarren Kirol Asteko hamalau ekitaldietan. Udala pozik dago izan duen emaitzarekin.
Oiartzungo Udalak eta Kirolaisik Kirol Astea zazpigarren aldiz antolatu du aurten. Urriaren 23tik 28ra bitartean egin zuten, eta balantzea egiteko txanda izan da.
Enekoitz Markos Kirol zinegotziak jakinarazi duenez, Kirol Asteko hamalau ekitaldietan guztira 800 lagunek parte hartu dute. Adin tartea zabala izan dela gaineratu du.
“Herritarrek gustura hartu dute parte ekintza eta tailerretan. Gainera, kirol modalitate ezberdinak probatzeko aukera ere asko eskertu dutela” adierazi du Markosek.
Kirola erdigunean jartzen duen asteaz gain, urte osoan ariketa fisikoak eta ohitura osasuntsuak mantentzeko gonbita egin du Markosek.
Kirol Astea antolatzeko herriko eragileek egindako lana eta jasotako laguntza ere eskertu nahi izan ditu zinegotziak.