[Bideoa] 'Erriola' leloa izango du datorren urteko Kilometroak jaiak
Datorren urteko jaiak izango duen leloa eta irudia aurkeztu zituen atzo Orereta Ikastolak Lekuona Fabrikan. Hitz hauekin definitu dute leloa : "Errioa eta iola; herria eta ikastola. Historia eta nortasuna irudikatu nahi dituen lema".
2023ko Kilometroakek badu irudia, baita leloa ere: Erriola izan da Orereta Ikastolak datorren urteko jaialdirako aukeratu duen leloa. Atzo aurkeztu zituzten biak Lekuona Fabrikan egindako ekitaldi jendetsuan. 70 lagunetik gora igo ziren oholtzara, tartean nola ez, ikasle -ohiak ere-, senide eta langileak, eta haiekin batera, Zaria abesbatzako, Ereintza dantza taldeko, Kukai konpainiako eta Errenteriako Musika Bandako kideak aritu ziren.
Lehenik eta behin, ikasleek ipuin bat kontatu zuten, “errioan gora eta behera” dabilen txalupa batean oinarrituta, “herriko zubietatik igaroz, eta egun, Orereta Ikastolako egoitzak bilakatu diren, baina garaian herriko paisaian protagonismo handia izan zuten fabrikak zeharkatuz”. Ikastolaren sorreran parte hartu zutenen eta egungo ikasleen arteko transmisioa irudikatu nahi izan zuten kontakizun honekin. Eskertzea izan da behin baino gehiagotan errepikatutako hitza.
Atzoko ekitaldian nabarmendu nahi izan zuten Kilometroak ez dela Orereta Ikastolarentzat soilik egingo den jai bat, “euskararen inguruan herrian proiektu bat aurrera eramateko baliabideak” jarri nahi dituzte egitasmoa probestuz. Ikastolako komunitatea ere indartzea izango dute helburu datorren urteko jaiari begira, gaineratu baitzuten “ikastola osatzen duten guztientzat erreferentziazko gune den” Añabitarteko baserria berritzeko asmoa dutela, baita “denen arteko elkarlana sustatzea”.
Leloa eta irudia
Aukeratutako leloa hitz hauekin definitu dute ikastolakoek: “errioa eta iola; herria eta ikastola. Historia eta nortasuna irudikatu nahi dituen lema”. Errioak herrian “nortasuna” duela diote, “herriaren erdigunetik pasatzen delako, bizimoduaren erdigunean egon delako, erdiguneak sortu dituelako. Erriotik, herri”.
Irudia “ez dela sinbolo hutsa” esan zuten atzokoan, bertan irudikatu baitituzte errioko uraren gorabeherak, faktoriak, etxeak, ur bazterrak, islak eta zubiak. “Hor daude piezak, bakarka beren izaera dutenak eta elkarrekin beste zerbait josi eta sortzen dutenak”.
Kilometroak ez dute egun bakar batera mugatuko. Urtean zehar hainbat ekitaldi txiki egiteko asmoa du ikastolak, atzokoa, “jai ugariren antolaketaren lehen mugarria” besterik ez da izan.
Jaialdirako arropa berria ere aurkeztu zuten Lekuona Fabrikak jaso duen ekitaldian, eta gaurtik salgai izango dira, Herriko Plazako 11. zenbakian.
Jarraian, antolakuntzak emandako bideoan, aurkezpenaren laburpena.