[Galeria] Pentsio publiko "duin eta nahikoak" behar dituzte
Duintasuna pentsiodunen mugimenduak kaleak hartu ditu gaur ere, hileroko hitzordua betez. Hilaren 19an Donostiara deitu dituzte herritarrak.
Hileroko astelehen guztietan bezala, kalera atera dira gaur goizean ere hamarka langile eta jubilatu, Duintasuna pentsiodunen mugimenduak deituta.
Hilaren 19an —larunbata da— Donostiako Alderdi Eder eremuan 17:30ean egingo den mobilizaziora deitu dituzte herritarrak. Manifestazio horiek Bilbo, Gasteiz eta Iruñean ere egingo dituzte. “Aberastasunaren bidezko banaketa eta pertsona guztien bizi-baldintza duinak” aldarrikatuko dituzte.
Gaurkoan, Herriko plazan, onartezintzat jo dute langile eta pentsiodunen eskubide, soldata eta zerbitzuak murrizten ari diren bitartean, “batzuek” geroz eta aberastasun gehiago pilatzea. Ildo horretan, aberastasuna “zuzen banatzea” eskatu dute, beste hauekin batera:
- Soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea.
- Gutxienez, urteko KPI metatuaren arabera birbaloratzea azken horiek.
- Gutxieneko pentsioa ezartzea, batezbesteko soldataren %60a (Lanbideko Gutxieneko Soldatari dagokiona).
- Soldata eta pentsioen genero arrakalarekin bukatzea.
- Zerbitzu publiko unibertsalak bermatu eta hobetzea.
Donostiako Onkologikoa eta Beraungo anbulatorioa
Aipaturiko aldarriez gain, beste bi auzi ere atera ditu plazara gaur Duintasunak: Donostiako Onkologikoaren gabeziak eta Beraungo osasun zentroan berriki eman den ordutegi murrizketa.
Gaurko mobilizazioarekin bat egin dute Donostiako Onkologikoko Enpresa Batzordeko idazkariak eta Pazienteen Batzordeko kide batek. Lehenengoak azaldu du azken urteetan Onkologikoak beti izan duen “izaera monografikoa” galtzen ari dela, lehen arreta integrala —aurreneko diagnositik interbentzioraino— zentro berdinean egiten baitzen, eta orain gaixoak batetik bestera bideratzen baitituzte proba bat edo bestea egiteko.
Egoera horrek zerbitzuaren moteltzea ekarri duela gaitzetsi du idazkariak. Gertuko adibide bat jarri du: lagun batek esan zion emazteari minbiziaren diagnosia egin ziotenetik tratamendua abiatu zenera arte bost hilabete igaro zirela. Lehengo funtzionamenduarekin, epe hori hilabete edo hilabete eta erdikoa izan ohi zela ziurtatu du. “Abiadura galdu dugu”.
Beraungo anbulatorioari dagokionez, joan den hilabetean jakinarazi zuen udal gobernuak, Jaurlaritzaren erabakiz, aurrerantzean anbulatorioa 17:00etatik 20:00etara itxiko dutela “pertsonal faltagatik”. Horrekiko ezinegona adierazteko mobilizazioak ere deituko dituztela aurreratu du pentsiodunen mugimenduak, Beraungo bizilagunentzako kalte zuzena ez ezik, Iztietako osasun zentrora doazenentzako ere kaltegarria baita azken neurria, “masifikatzen” ari baita, esan dutenez.