[Galeria] Bizkaira joan da I. Emakumeen Mahai-joko Txapelketa
Lehenengo aldiz antolatu dute txapelketa. Zazpi partida jokatu dituzte Beheko Plazan, joko zuzenaren nondik gorakoak erakusteko.
Pasa den larunbatean jokatu zuten Emakumeen I. Mahai-joko Txapelketa, Beheko Plazan. Lau taldek parte hartu zuten, 22 pilotarik. Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak eta Munduko Pilota Batzarrak antolatu zuten txapelketa, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin.
Denek denen kontra jokatu zituzten partidak, eta honakoak izan ziren ligaxka horretako emaitzak:
- Gipuzkoa — Nafarroa 1: 5-7.
- Nafarroa 2 — Bizkaia: 4-7.
- Bizkaia — Gipuzkoa: 5-6.
- Nafarroa 1 — Nafarroa 2: 7-4.
- Gipuzkoa — Nafarroa 2: 8-7.
- Bizkaia — Nafarroa 1: 6-3.
Sei partidak bukatuta, lehen posturako hiru talde geratu ziren puntu kopuru berdinekin: Bizkaia, Nafarroa 1 eta Gipuzkoa. Euren arteko partidetako puntuak kontuan hartu zituzten, eta Bizkaiak aurrera egin zuen.
Izan ere, Gipuzkoak eta Nafarroa 1ek ere puntu berberak lortu zituzten. Ondorioz, partida guztietan egindako tantoak aintzat hartu zituzten berdinketa hausteko. Nafarrek lortu zuten beste txartela.
Finalean bizkaitarrak nagusitu ziren, 11 eta 5. Txapelketa “oso arrakastatsua” izan zela ziurtatu dute antolatzaileek.
Sari banaketa etorri zen ondoren, eta Oiartzungo Udalaren aldetik Arrosa Lizaso zinegotzia izan zen ordezkaria.
Pilotaren munduko ordezkariak honakoak izan ziren: Gotzon Enbil Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea; Pedro Uriarte Munduko Pilota Batzarrekoa; Javier Conde Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako presidentea; eta Joxemari Mitxelena Oiartzungo Txosteko kidea.