[Galeria] Hitzen Lihoaren bosgarren ekitaldia, "arrakastatsua"
'Begiradak' izenburupean, zortzi ekitaldi egin dituzte. Antolatzaileak pozik daude emaitzarekin, eta parte-hartzea hazi dela nabarmendu dute.
Begiradak izenarekin egin dute aurtengo Hitzen Lihoa. Bosgarrena izan da, eta aurrez sortutako lanak beste begirada batez ikustea izan da zortzi ekitaldien ezaugarri komuna.
Antolatzaileak “oso gustura” daude aurtengoak utzi duenarekin. “Egonkortu dela esan daiteke; jendeak ezagutzen eta parte-hartzea handitzen joan da”, adierazi dute.
Eider Bergaretxek irakurritako manifestuarekin hasi zuten aurtengo Hitzen Lihoa, asteazkenean. 80 bat lagun bildu ziren pleno aretoan, haur, guraso eta bestelako ikusle artean, Elizaldeko eta Haurtzaroko ikasleek prestatutako erakusketa eta ekitaldiarekin gozatzera.
Onintza Etxebestek Baserri hedatua tesia aurkeztu zuen ostegun arratsaldean. Ez zen ordutegirik errazena izan, ordu berean beste hitzaldi bat egon zelako, baina bertaratutako entzuleek gustura entzun zituzten Etxebestek baserriaren deseraikitze sinbolikoari buruzko azalpenak.
Asteburu oparoa
Asteburua Pasadena taldearen kontzertuarekin. Ostiral arratsaldean 70 bat lagun elkartu ziren udaletxeko pleno aretoan, Gasteizko taldea entzuteko. “Zutik izanda, duela ez hainbeste egiten ziren kontzertuak gogorarazi zizkigun”, nabarmendu dute.
Larunbaterako plater bikoitza izan zuten. Alde batetik, Allende Arnaizen aurkezpen praktikoan parte-hartze polita izan zela aipatu dute, espero ez zuten jendearekin. Arizmendienean izan zen saioa. Partaideek tailer horretako esaldi baten serigrafia egin zuten, “proiektuarekin zikintzeko”. Ondoren, etxeko goiko solairuko kapera ezagutu zuten. Beste begirada batekin, noski.
Bestetik, Ehun dukat antzezlanaren berrikuspena, tesi dramatizatu moduan, taularatu zuten Titika Rekalt eta Josune Gorostegik, parrokia den ezohiko agertokian. 50 bat lagun hurbildu ziren.
Igandeko plana literatura eta bertsoek osatu zuten. Urteroko irakurketa jarraituan Mark Twainen Hiru kontakizun-en pasarteak ozen irakurri zituzten 25 bat lagunek.
Eguerdian, Girizia elkartean bazkaldu zuten, bertso-saio literarioa hasi aurretik. Iñigo Astizek jarri zizkien ofizioak Alaia Martin, Igor Elortza eta Uxue Alberdi bertsolariei. 50 lagun hurbildu ziren bertara, aurtengo ekitaldiari agur esateko.
*Argazkiak Ainara Lasa eta Aitziber Arnaizenak dira.