Altzibar "atseginagoa, urbanoagoa eta irisgarriagoa" da, lanak bukatuta
Azken ukitu batzuk falta diren arren, auzoa itxuraldatu dute. Oinezkoei lehentasuna eman diete, ibilgailuen aurrean.
Altzibarko urbanizazio lanak bukatu direla iragarri du udalak, azken ukitu batzuk falta diren arren. Dagoeneko normaltasunez ibil daiteke auzoko kaleetatik.
2021eko irailean hasi ziren auzoa itxuraldatzeko lanak. Aparkaleku berri bat eta biribilgune bat egiteaz gain, auzoko alde zaharreko hoditeria, argiteria, errepideak eta espaloiak berritu dituzte.
Jexux Leonet alkateak, Olaia Lasa eta Agustin Lekuona zinegotziak lagunduta, obren emaitzari begirada bat ematea joan dira. “Gustura eta pozik” utzi dituzte lanek.
“Auzoa berritzeko proiektua martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen legealdi hasieran eta lortu dugu Altzibarrek behar zuen modernizazioa gauzatzea”, esan du alkateak.
Obren inbertsioa 1.700.000 eurokoa izan da.
Oinezkoei lehentasuna
Eraberritze proiektuak oinezkoei eman die lehentasuna, haien mugikortasuna eta segurtasuna bermatzeko. Autoak ibil daitezke, baina ibilgailuen abiadura murrizteko neurriak hartu dituzte. Horrez gain, espaloiak eta errepidea maila berean jarri dituzte.
Oinezkoen eta ibilgailuen arteko elkarbizitza errespetatzeko deia egin du udalak. Autoak horretarako markatuta dauden tokietan bakarrik aparkatzeko eskatu dute.
Bertako bizilagunen kasuan izan ezik, komertzioetara joateko ez bada, erdigunetik ibilgailuekin ez pasatzeko eskatu dute.