'Armiarma' esketxez osatutako antzezlana, igandean
Katiuska taldea gonbidatu du Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak. 'Armiarma' oso-osorik sortu du antzerki taldeak.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak, bere programazioari jarraituz, saioa antolatu du datorren iganderako (hilak 13). Katiuska taldeak Armiarma antzezlana taularatuko du udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan hasita.
Esketxez osatutako lana da, ordubete ingurukoa. Zati guztiak nolabait loturik egonik ere, genero eta molde ezberdinak probatu nahi izan ditugu. Lan mundu garaikidea eta armagintza bezalako gaiak jorratzen saiatu gara modu kritiko eta umoretsuan.
Katiuskak sortu du Armiarma, oso-osorik, talde-lanaren, -jolasaren eta -hausnarketaren fruitu. Idoia Bengoetxea, Olatz Godoy, Xabi Gomez eta Ander Malbadi dira aktoreak, eta Idoia Gereñuk zuzendu ditu.
Sarrerek 5 euroko prezioa izango dute, eta egunean bertan salduko dituzte, antzezlaneko sarreran.
Sinopsia
“Ongi etorri Armiarma S.A.-ra! Lana, lana eta lana! Sar zaitez armiarma-sarearen barruan, eta hor topatuko dituzu nagusiak eta langile xumeak, makina-gizakiak edo gizaki-animaliak, arma-fabrikatzaile umoretsuak eta coach motibatzaileak. Gauzarik zentzugabeenak gertatzen dira Armiarma S.A.-n: ia-ia errealitatean bezainbeste.”