Etxejabe bila ari da Oiartzungo Etxebizitza Bulegoa
Etxebizitza hutsak dituzten jabeak animatu dituzte, alokairu sozialera bidera ditzaten. Bermeak ematen dituztela gogorarazi dute.
Oiartzungo Etxebizitza Bulegoa etxebizitza hutsen bila dabil. Etxea hutsik dutenak animatu dituzte, alokairu sozialera bidera ditzaten.
Etxebizitza Bulegoak adierazi duenez, hilean diru-sarrera finkoak izateko aukera izan daiteke, ordaintzen diren zergei aurre egiteko. Horrez gain, Oarsoaldean dagoen etxebizitza sozialaren defizitari aurre egiten lagun daiteke, baliabide urriak dituzten pertsonei laguntzen.
Oiartzungo Udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin eta Alokabiderekin lankidetzan, Oiartzunen hutsik dauden etxebizitzak alokairu duinean merkaturatzeko programa hori jarri zuen abian duela urte batzuk.
Bulegoaren helburuak gogorarazi dituzte, izapidetze-lanak egitea, etxekoentzako eta maizterrentzako zerbitzu erosoa eskainiz: aukeren berri ematea; kudeaketa-lana egitea; laguntzak eta dirulaguntzak bideratzea; kontsultarako eta izapidetzeko informazio-gune izatea; baita Etxebideren izapideak bertatik egitea ere.
Aurretiko hitzordua eska daiteke, 943 494 129 telefono zenbakira deituta, edo posta elektroniko bidez, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.
Etxea Oiartzungo Etxebizitza Bulegoaren bitartez alokatzeari buruzko onurak zerrendatu dituzte.
- 1. Arrisku anitzeko etxe-asegurua doan. Gainera, lagapenaren unean zenuen kontserbazio-egoera berean itzuliko dizugu etxebizitza (erabilpenagatik eragindako ohiko higadurak salbu).
- 2. Alokabideren aseguru hirukoitza ASAP edo Bizigune programetarako. Juridikoa, kaudimena (maizterrak alokairua ordaintzen ez badu) eta balizko kalteen aurrean.
- 3. OHZren % 50eko deskontua.
- 4. 60 €-ko errenta osagarria 12 hilabetez, udaletik jasoko duzuna.
- 5. Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko laguntza (gehienez 100 €).
- 6. Doako alokairuaren kudeaketa osoa. Ez duzu fidantza-izapideak egiteaz edo alokairuarekin lotutako beste edozein ekintzaz arduratu beharko, errentamenduaren kudeaketa osoa etxebizitza-bulegoak egiten baitu.
- 7. Programan 5 urtez egoteko konpromisoa.
- 8. Berritze-proiektuaren finantzaketa (3.000 € arte).
- 9. Obra-lizentzietan % 95eko hobaria.
- 10. Gizarte-onura. Gogoratu! Etxebizitza-bulegoaren bidez egiten diren alokairuak kalteberak diren pertsonentzat zuzenduta daude, baliabide ekonomiko eskasak dituztenak merkatu librean sartzeko. Beraz, hori egitean, gizarte-lan garrantzitsu baten partaide zara.