Olibeteko ADIFeko lurretan parking bat egiteko eskatu du PSE-EEk
ADIFeko lurren zati bat emateko Espainiako Gobernuarekin negoziatzen has dadila eskatu diote alkateari. Hilaren 18an auzotarrekin bildu ziren taldeko kideak.
PSE-EE taldeko bozeramaile Isaac Palenciak, Iñaki Ruizek eta Espainiako Gobernuko ordezkariorde Guillermo Echeniquek agerraldia eskaini dute gaur Renfeko geltokiaren kanpoaldean. Bertan jakinarazi dute testu bat erregistratu berri dutela udaletxean, alkateari eskatuz ADIFeko lurren zati bat emateko negoziatzen has dadila Estatuko Administrazio Orokorrarekin, bertan parking bat eraiki dezaten. Horri lotuta, inguruko zarataren arazoari (trenbideak, errepideek eta industriaguneek) ere irtenbide bat emateko neurriak eskatu dituzte testu horretan.
“Beharrezkoa da erabilerarik gabeko Renfe ondoko espazio hori lortzea, auzotarrentzako aparkaleku gisa erabil dadin eta herriak aparkalekuarekin duen arazo larria arindu dadin”, esan du Palenciak. Bozeramaileak gaineratu du oposizio bezala egindako lana auzotarrekin bildu eta haien beharrak entzutea izan dela. “Udalak ez baditu pilak jartzen herriko bizilagunek egindako eskaerekin, guk egingo dugu, eta behar den tokiraino joango gara lortzeko”, erantsi du.
Azken hilabeteetan auzoko bizilagunekin bildu direla azaldu dute gaurko agerraldian, urriaren 18an bilera egin zuten Echeniquek eta taldeko hainbat kidek auzo elkartekoekin.